Sunsundeguiko batzordeak enplegua bermatuko duen proiektu industrial bat eskatu du

Guaixe 2025ko mar. 20a, 10:39

Sunsundeguiko enpresa batzordea eta langileak Nafarroako Parlamentura eraman zuten beraien kezka. UGT

Konkurtso administratzaileen txosten teknikoa aurkeztuko du martxoaren 22an. “Baina ez dakigu proposamen loteslerik izanen den”, azaldu dute langileen ordezkariek.

Sunsundeguiko enpresa batzordeko kideak eta hainbat langile Nafarroako Parlamentuaren parean elkarretaratzea egin zuten atzo. Haren bidez batzordeak adierazi zuen langileen egoeraz kezkatuta dagoela eta enplegua bermatuko duen industria proiektu bat eskatu zuten Altsasuko enpresarendako.  Langileen ordezkariek azaldu zutenez, "plantilla oso higatuta dago, eta langabezia dezente kontsumitu da, gaur egun ia 6 hilabete, eta lehenago beste zenbait hilabete 2021etik 2022ra bitartean". Sunsundeguiko 340 langileak apirilera arteko enplegu erregulazio espedientea dute indarrean. Langileen ordezkariek esan zutenez, "premiazkoa da konpainiarendako eta, beraz, Altsasu eta eskualdearendako planik ba ote dagoen jakitea. Gaur egun oraindik ez dakigu industria plan lotesle bat aurkeztu den ala ez", adierazi zuten.

Jakinarazi zutenez, konkurtso administrazioak txosten teknikoa aurkeztuko du martxoaren 22an. Agiri horrek honakoak jasoko ditu: konpainiaren egoera ebaluazioa, azken hilabeteetan hartu diren euste neurriak, jarraipena emanen duen industria proposamenik baden eta Sunsundeguirendako aukera onena zein den adierazten duten ondorioak. Txosten horretan oinarrituta epaileak hartzekodunen lehiaketari buruzko erabakia hartuko du. Belgikako inbertitzaile batek Sunsundeguin interesa duela azaldu du.

Enpresa batzordeko kideen iritziz "egoera ziurgabetasun handikoa da oraindik". Horregatik langileen ordezkariek inplikatutako eragileei eskatu diete "aukera aprobetxa dezatela, gure ustez irekita dagoen aukera, balizko inbertitzailearekin industria-plan bat ixteko, eta, horrekin batera, lantegiaren eta eskualdearen etorkizuna".