GUAIXE-ren 30. urteurrena, Sarrionandiarekin

Guaixe 2025ko mar. 21a, 14:27

Martxoaren 28an, ostirala, Joseba Sarrionandiaren idazlearen 'Hitzen libertatea' solasaldia izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean, Guaixe Fundazioak antolatuta.

Guaixe Fundazioak 30 urte bete ditu, eta ospatzeko Joseba Sarrionandia Altsasura gonbidatu du. Martxoaren 28an, ostirala, izanen da (18:30ean), Iortia kultur gunean. Ondoren, urteurren ospakizuna eta otamena izanen da ere. 

Joseba Sarrionandia ibilbide luzeko idazle ezagun eta oparoa da. Hasmenetan poesia eta ipuingintza landu zituen, eta denboraren poderioz itzulpengintza, eleberrigintza eta entsegugintzari heldu die ere. Hitzen libertatea deitzen da Guaixe Fundazioak, Sakanako Mankomunitatearekin batera, antolatutako solasaldia, eta literaturaren inguruko hainbat jakingarri eta kontu bitxi izanen ditu hizpide. Izaskun Etxeberria idazle altsasuarra izanen da solasaldiaren gidaria. Sarrera librea da, gonbidapenarekin; Guaixe Kideek lehentasuna izanen dute.