Sunsundeguiren etorkizuna zein den argitzeko data garrantzitsua da martxoaren 22a, larunbata. Konkurtso administrazioak bere txostena aurkeztuko du. Agiri horrek "ezarriko du zein den Sunsundeguiren egoera eta zer gogoeta egiten dituen lantegiaren bideragarritasunaren inguruan", azaldu dute LABeko kideek. "Hartzekodunekin hitzarmenik egin daitekeen ikusiko dugu, sozietateak aurrera egin dezan edo konpainia likidatu dadin bideratuko duten konkurtsoa. Hau da, konpainiaren jarraipenaren aldeko eskaintzarik ez badago, laster inori interesatzen ez zaion likidaziora iritsiko gara", gaineratu dute.
LABetik gogorarazi dutenez, "egoera hori jada INASAn bizi izan dugu aurretik. Likidazio fasean zegoen makineriaren salmentak Irurtzungo lantegirako zegoen industria proiektu batek aurrera egitea eragotzi zuen. LABen ez dugu horrelakorik berriro gertatzen utziko", ziurtatu dute. Halakorik gerta ez dadin, "inplikatutako alderdiei dauden legezko epeak ahalik eta gehien luza ditzaten exijitu" diete, "baita Altsasuko lantokian alternatibaren bat lortzea erraztu dezaten ere".
Nafarroako Gobernuak jakinarazi die inbertitzaile batek enpresan interesa duela. "Badakigu enpresaren egoerari aurre egiteaz aparte, beharrezkoa dela likidezia; badakigu lanean ari direla beharrezko finantzaketa lortzeko". Hala ere, prozesu honetan LABek "faltan bota dugu gaur egun mahai bat osatu ez izana, zeinetan administrazio konkurtsala, sindikatuak eta gobernua eserita egongo garen interes komuna defendatzeko".
LABeko kideek, "erantzukizunez, Sunsundeguiko langileei eta Nafarroako gizarteari dei egingo diegu Altsasuko lantegia likidatu ez dadin borrokatzera. Era berean, enpresa batzordea osatzen duten gainerako sindikatuei ere erantzukizun bera eskatu nahi diegu". Jakinarazi dutenez, heldu den astean batzarrak deituko dituzte enpresan, "gauzatu beharreko ekintzak zehazteko".