Sakana Harrera Haranak deituta elkarretaratzea egin zen Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean, ostiralean. Taldeko kideek adierazi zutenez, "faxismoaren gorakadaren aurrean kalera atera behar dugu bere hainbat aurpegi salatzeko". Horien artean arrazakeria dagoela gaztigatu zuten, eta haren kontra "indar eta determinazio berarekin borrokatu behar da".
Deitzaileek azaldu zutenez, "pentsamendu kritikoak lerro artean irakurtzeko balio behar digu, eta faxismotik sartu nahi dizkiguten gezurrak eta buloak ez onartzeko". Horiengatik "pertsona baten larru kolorea edo jatorria zalantzan jartzen edo baztertzen da, baina bakarrik pobrea bada", nabarmendu zuten. "Internazional faxistako politikari batzuen diskurtsoek" sustatutako "desberdinarekiko beldurra" salatu zuten. Eta nabarmendu zuten politikari horiek "munduko botere politiko hegemonikoa, botere ekonomikoarekin lotu dute". Gaineratu zutenez, "diskurtso horiek herritarrengan modu arriskutsuan errotzen dira, eta horren zati ez txiki batek bere egunerokotasunean ondorioak pairatzea eragiten du".
Aldi berean, "arraza, etnia edo jatorrian" oinarrituta "delituzko jarduerak egiten dituzten zehazteko poliziek pertsonei egiten dizkieten kontrol eta erregistro umiliagarriak". Horren ondorioz "administrazioen bermearekin, gizartean diskurtso arrazista txertatzen da. Eta, azkenean, atxiloketak, kanporatzeak eta eraso faxistak normalizatzen ditu". Sakana Harrera Haranatik nabarmendu zutenez, "kolektibo horren erru bakarra gerratik edo inperialismo kapitalistak eragin dion pobreziatik ihes egitea izan da. Horrekin, mendebaldeko arpilatzaileok baduzu zer esana".
Elkarretaratzean Sakana Harrera Haranako kideek Palestinaren askatasuna aldarrikatu zuten. Haien iritziz, "sionismoa faxista eta arrazista da, eta palestinar herria sarraskitzen jarraitzen du, lortu dituzten akordio guztiak zapalduz".