Oier Mitxelena

"Bost final jokatuta irabazi dudan lehen txapela da, eta pozik"

Maider Betelu Ganboa 2025ko api. 2a, 13:00

Oier Mitxelena Mazkiaran, txapelarekin. IBON ERRAZU

Gazteen Banakako 19 urtez azpiko txapelduna da Oier Mitxelena Mazkiaran. Federazioko txapelketak prestatzea da bere hurrengo erronka nagusia

Oier Mitxelena altsasuarrak jantzi zuen Gazteen Banakako 19 urtez beherako txapela (4:00), Kimetz Alzolaren (4:18) eta Aitor Saralegi irurtzundarraren (5:02) aurrean gailenduta. Bost final jarraian jokatu ondoren bere lehen txapela lortu du. 

19 urtez azpiko Banakako txapela lortuta, pozik egongo zara.
Bai, kostata. Azkenaldian beste final batzuk jokatu ditut, eta aurreneko txapela izan da hau. Abenduaren 31n Aitor Saralegirekin hirugarrenak izan ginen Gazteen Binakako Txapelketan; azaroan federazioko Aizkolari Gazteen Txapelketan txapeldunorde geratu nintzen Aitor Saralegi txapeldunaren atzetik; ekainean 18 urtez azpiko Banakako finalean txapeldunorde... Azkenean txapela iritsi da. 

Finalean bi kanaerdiko erdibitu behar zenituzten.
Bai. Uste dut telebistan zertxobait gutxiago zirela esan zutela, baina bi kanaerdiko ziren, neurrian. 

Bi kanaerdikoak 4:00 minututan erdibitu zenituen. 18 segundo atera zenizkion Kimetz Altzolari (4:18) eta Aitor Saralegi okerrago aritu zen (5:02). Halako denboratan egotea espero zenuen?
Bai. Egur gogorragoekin aritu nintzen entrenatzen, eta denbora pixka bat gehiago egiten nuen, baina egur ez horren gogorrekin denbora jaistea espero nuen. Finaleko egurrak zikinagoak ziren, eta Aitorri adar batzuk atera zitzaizkion. Nik ere baten bat baneukan. Egurra garbiago izango balitz agian denbora gutxiago beharko nuen. Gustura geratu nintzen. 

Txapela lortuta nolabait askatu zara? Aurreko finaletatik arantza hori zenuen?
Bai. Joan zen urteko maiatzetik hau sartu naizen bosgarren final jarraia izan da, eta irabazi dudan lehena. Poza hartu dut, behintzat, eta lasaitasuna. 

Nola ikusi zenituen arerioak? Aitor Saralegik minutu bat uztea agian sorpresa izan zen, ez?
Bai. Aitorrek denboraldiak izaten ditu; orain futbolean dabil, eta udan futbola uzten duenean aizkoran beti igo egiten da pixka bat. Gehiago ematen du. Azkenaldi honetan agian baxuago dago, baina bera hori baino gehiago da normalean. Finalean adarra nahiko zikinak atera zitzaizkion, eta hemen ere zortea alde izan behar da. Bestalde, Kimetzek harritu ninduen. Uste nuen pixka bat atzerago ibili behar zela, baino maila ona eman zuen, eta hori ere esan egin behar da. 

Leitzan entrenatzen duzu saralegitarrekin, ezta?
Bai, Gabriel Saralegirekin entrenatzen naiz, Aitorren osabarekin. Ikasturtean barna gutxiago aritzen gara biok elkarrekin, ni goizetan joaten naizelako entrenatzera, eta Aitor arratsaldetan. Aitorrekin udan erakustaldi dezente egin ditut. Ondo ezagutzen dugu elkar. 

"Bost final jarraian jokatu eta gero lehen txapela irabaztearekin arantza kendu dut. Poza hartu dut, behintzat, eta lasaitasuna"

19 urtez azpiko txapeldunak, zuk zeuk, eta 23 urtez azpiko txapeldunak, Jon Erdoziak, elkarren kontra jokatu zenuten kopa. Bi kanaerdiko erdibitzeko lanean lehia estua izan zenuten. Jonek irabazi zuen (4:23), eta zuk 13 segundo gehiago (4:36) behar izan zenituen. 
Bai, agian lehen egurrean nahiko motel antzera hasi nintzen, eta pena, baina Jonek bere maila du, eta berari gerturatu izana, ongi dago. Behin mugituta, gainontzekoak egur berdinean aritu ziren eta nik uste denboratan bigarrena izan nintzela; hori jakitea ongi dago. 

19 urtez azpiko txapela izanda kopa galtzeak ez zuen horrenbesteko penarik emango.
Galtzeak beti ematen du pena, baina behin txapela hartuta, gustura horrekin. 

Goi mailako txapeldunen mailara heltzea lor daiteke? Edo salto handiegia dago?
Lortu daiteke. Beraiek ere hemendik, gure mailatik, pasa dira. Maila horretara iristeko asko entrenatu behar da, ordu asko sartu behar dira. Nik, momentuz, figura horiek oso urruti ikusten ditut, baina gerturatu nahi izanez gero, asko entrenatu beharko da. 

Luis Mari Bengoa Gure Sporteko presidenteak omenaldia jaso zuen Azpeitiko finaletan, erretiroa hartuko duelako. Zer gertatuko da orain txapelketa horiekin? 
Nik askorik ez dakit, baina telebistak saio horiek guztiak asteburuetan ematen ditu eta orain bat batean hori ematez utzi behar du? Ikusleek gustuko dituzte herri kirol saioak, lehen mailako aizkolari eta harri jasotzaileei ere ongi datorkie, baina, bereziki, gazte mailan gaudenondako eta hasi diren emakumeendako telebistan azaltzea foku handia da, gora egin nahi dugun guztiondako. Eta hori galtzea...

"Gazteendako eta neskendako telebistan azaltzea foku handia zen, eta hori galtzea..."

Zerbait egin beharko da, bestela, pena litzateke.
Halako zerbait galtzea pena handia litzateke. Ea norbait animatzen den. Bengoak ordu pila bat sartzen zituen antolakuntzan. Lan handia da txapelketa bat prestatzea, aldiro udaletxeetara deitu behar izatea, jaialdiak prestatu, kirolari guztiei ordaindu, egurra ordaindu, telebistarekin harremana...

Lan asko dago atzetik, ikusten ez dena. 
Eta gastu asko. Harri jasotzaileek bere harria ekartzen dute, baina aizkolariendako enpresak jarri behar du txapelketako egurra, eta gastu handia da hori. 

Zein da hurrengo erronka?
Udan federazioetako txapelketetan parte hartzea, eta erakustaldietan. Nafarroako Bigarren Mailako Txapelketa jokatuko dut. Finala irailean izaten da Uharte Iruñean. Eta Euskadiko Banakako Txapelketan izena emango dut. Hor lan handiago dago, uste dut lau kanaerdiko direla. Lehen aldiz izena emango dudanez, maila baxuenean jarriko naute, hirugarren mailan. Bestalde, Ezkio Saria prestatzeko asmoa omen dute, eta ateratzen badute, beste proba bat izango dugu. Nik berdin jarraituko dut entrenatzen, ea zer ateratzen den. 

Sega albo batera utzi duzu edo segarekin jarraitzeko asmoz zaude?
Segan azkenaldian ez dut askorik egin. Aurreko urtean bizkarrean zerbait atera zitzaidan; aizkoran ez dit molestatzen, baina segako mugimendua desberdina da eta pixka bat beldurrez ibili nintzen, molestiekin. Ikusiko dugu.