Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) IX. Batzar Nazionala egin du Donostiako Atano III.a frontoian asteburuan. Bilkura horretan jeltzaleek ponentziak aztertu eta bozkatzearekin batera, 2025-2029 aldirako Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) lehendakari berria eta burukide berriak aukeratu zituen. Andoni Ortuzarr lekukoa hartuz, alderdiaren buru berria Aitor Esteban Bravo da. EAJren Zuzendaritza Nazionala (EBB) ere berritu zen. Boto bidez hautatutako kideen artean Javier Ollo Martinez, Altsasuko alkate eta foru legebiltzarkidea dago.
Estreinakoz nafar bat boto bidez iristen da EBBra. Altsasuarraren hautaketarekin, EAJk Nafarroari pisu handiagoa eman nahi dio bai erabakiak hartzerakoan. EAJk Nafarroan epe luzera sendotzeko apustua egin du.
Burukide berriaz
1991ko garagarrilaren 4an jaioa, 33 urte ditu. 2011n egin zen EAJko kide, EAJren Altsasuko Uri Erakundean, EAJko lagunek urteotan bere herrian egin duten lan handiak bultzatuta. Eredu ditu Jose Manuel Goikoetxea Askorbe bezalakoak. "Alkate, parlamentari eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zen, eta udalaren alde lan egiteko ikuskera hura bateratzen zuen humanismo sozialarekin. EAJren baloreak dira horiek, eta nire jardunean praktikara eramaten saiatu naiz".
Altsasuarrak azaldu duenez, "hala egin du, gainera, zentralitate politikotik. Zentralitatea, nire ustez, ez da ekidistantzia, neutraltasuna edo `denen atsegina´ izan nahi izatea. Polarizazio politikoa gorenean dagoen garai honetan, errazena izan liteke mutur batetik borrokarako prest egotea". Ziurtatu duenez, "zailena da jarrera zentrala hartzea; zentzudunena, nire ustez, politikagintzan aritzeko: hitz larriz idazten den politika egitea, jendearen zoriontasuna lortzeko lana helburu duena, pertsonak politiken erdian jarriz".
EBBko kide berriak azaldu duenez, "politikaren izen ona alde guztietatik zikintzen saiatzen diren garai honetan, antipolitika azalera atera dela, aukera eta erronka dugu EAJren baitan eta bere izaeran dagoen politika aldarrikatzeko". Ollok azaldu duenez, "horretan jarriko ditut nik nire ahalegin guztiak, Nafarroatik ere EAJren herri ikuskera aldarrikatzeko harrotasunarekin; urteotako jardunak eman didan eskarmentuarekin baina, aldi berean, ilusio handiz, gauden momentu historiko honetan nire onena emateko".