Gerren zentzugabekeriaz gogoeta kolektiboa, Altsasun

Guaixe 2025ko mar. 31a, 10:55

Apirilaren 2an, asteazkena, Xanti Arrieta artistaren 'Gernikak. Begiradak' erakusketaren mustutze ekitaldia izanen da, Iortia kultur gunean. Erakusketa kolektiboa hilaren 27ra arte egonen da ikusgai, eta apirilean zehar, erakusketarekin batera, ekitaldi sorta bat izanen da.

Picassoren Gernika obratik abiatuta, gerren zentzugabekeriaz egindako gogoeta kolektiboa egin du  Xanti Arrieta artista bergararrak Gernikak. Begiradak erakusketan. Artistaren obrarik "sakonena eta intimoena" da, eta apirilaren 2tik 27ra Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izanen da. Apirilaren 2an, asteazkena, 18:00etan, izanen da mustutze ekitaldia; Xanti Arrietak eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak eginen dute aurkezpena, eta Castillo Suarez idazle altsasuarrak, Basoa eta Pi musika taldearen laguntzarekin, ibilbide literario musikatua eginen du.

Gernikak. Begiradak erakusketan Picassoren obratik abiatuta gerren zentzugabekeriez egindako hausnarketa kolektiboa aurkezten da; kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa den proposamen artistikoa ageri da; obra zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren zenbat pertsonaren begiradak jasoz: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak. Azken hau artistaren "konplize eta bidelagun" izan da.

Erakusketarekin batera, ekitaldi sorta bat izanen da.

'Gernikak. Begiradak'

Apirilaren 2tik 28ra

Gernikak. Begiradak Xanti Arrietaren erakusketa kolektiboa.

Apirilak 2 asteazkena

18:30, Iortia kultur guneko erakusketa aretoa

Gernikak. Begiradak erakusketaren mustutze ekitaldia Xanti Arrieta eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariaren aurkezpenarekin, eta Castillo Suarez idazle altsasuarraren eta Basoa eta Pi musika taldearen ibilbide literario musikatuarekin.

Apirilak 8 asteartea

18:00, Iortia kultur gunea

Gerra Zibileko deshobiratzeek kontatzen dutena: lekukotzak, gorpuak eta objektuak hitzaldia, Aitzepa Leizaola antropologoa eta EHUko irakaslearen eskutik.

Apirilak 16 asteazkena

18:00, Iortia kultur gunea

Egiaren balioa desinformazioaren garaian hitzaldia, Martxelo Otamendi kazetaria eta Berriako zuzendari ohiarekin eta Txema Ramirez de la Piscina kazetaria eta EHUko irakasle ohiarekin. 

Apirilak 22 asteartea

18:00, Iortia kultur gunea

Dolua eta memoria historikoa hitzaldia Naroa Martinez pedagogoa eta dolu prozesuetan espezialituarekin eta Oihana Gallo San Ramon Otsaportilloko senitartekoarekin.