Apirilaren 7tik 12ra jokatuko da Euskal Herriko txirrindularitza probarik garrantzitsuena, Itzulia. Apirilaren 1ean Euskal Herriko Itzulian parte hartuko duten txirrindularien izenen berri eman zuen Euskaltel Euskadi taldeak. Iker Mintegik bere bigarren Itzulia jokatuko du, eta Jon Aberasturi, Mikel Bizkarra, Ander Ganzabal, Xabier Isasa eta Txomin Juaristi izango ditu taldekide, Jorge Azanzaren eta Pablo Urtasunen esanetara. Mikel Bizkarra izango da taldeburua. Mintegik ezin izan zuen aurkezpenean egon, Paris Camembert proban parte hartuko duelako.
Azanza, motibatuta
Jorge Azanza kirol zuzendariaren ustez, talde lehiakorra darama Euskaltel-Euskadik Itzulira. “%100 euskal herritarra, harrobikoa eta lehiakorra. Talde ahalik eta orekatuena osatu dugu. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen ditu taldeak. Bizkarra izango da taldeburua, eta esperientzia badauka. Esprintetarako Aberasturi daukagu; Txominek eta Gotzonek badakite zer den Itzulian parte hartzea; Mintegi eta Isasa gazteak dauzkagu ihesaldietan sartzeko eta lehengoz debutatuko duen Ganzabalek asko lagunduko digu. Horretaz gain, taldea oso motibatuta dago gure zaleen babesa, marea laranjarena, izango baitugu. Etxekoek motibazio ezin handiagoa izango dute. Daukagun guztia emango dugu" ziurtatu zuen altsasuarrak.
Euskaltelek zaleen artean zabalduko duen kamiseta laranja aurkeztu zuen. Kukuxumusuk diseinatu du Marea Laranjaren kamiseta, eta “Gora ta gora beti!” du leloa. Aurtengo diseinuaren ilustrazioak omenaldia egin die txirrindulariei laguntzen dieten eta bihurgune eta aldapa guztietan animatzen dituzten zale guztiei.