Saminetik sormenera salto egin dute. Gerra komunikabideetan ikusteak sortzen duen ezinegona izan dute abiapuntu hausnarketa plaza bat eskaintzeko. Gerren jatorriaz edo haien zergatiaz hausnartzeko gonbidapena egin dute sormen lanen bidez.
Erakusketaren izenburua irakurrita bost hitz datozkit burura: Gernika bera, arbola, gerra, bonbardaketa eta Picasso.
Xanti. Picassoren obra nire inguruan egon da beti, nahiz eta ez erabili. Duela bost urte, horretaz pentsatzen eta probak egiten hasi nintzen. Ukrainako gerra sortu zen eta, bat-batean, pentsatu nuen lana horren ingurukoa izan behar zuela. Telebistan irudiak ikusten nituen. Barruan ezinegona sortu zitzaidan. Eta hari horretatik tiraka hasi nintzen obrak pentsatzen, zirriborroak egiten eta forma ematen. Gernika koadroko figurak hartu eta beste testuinguru batean eta testu batekin jarri ditut.
Ezinegon hori nola gorpuztu da?
X. Figurak islatu nituen eta kolaboratzaileei beraien gogoetak idazteko eskatu nien. Obrak egitean segituan ohartu nintzen hitzak behar nituela. Beti entzun dugu irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duela, baina nik pentsatu nuen irudiak, hitzak eta argazkiak jartzea. Testuinguru horretan nik Picassoren figurak erabili ditut. Baina hori beti argazki eta testu baten oinarriarekin erakusten da.
Zer obra mota jarri duzu?
X. Txikitatik margotzen dut. Ondoren eskulturarekin hasi nintzen, horretarako bidea zeramika izan zen. Margoa eta eskultura zeramika teknikak dezente kontrolatzen ditut. Beste teknika batzuk nire bidean sartzen joan ziren: argazkia, egurra eta burdina. Kamikaze sartzen naiz. Bidea nahikoa luzea da, eta nahiko kontrolatzen ditut.
Ezinegon bakoitzerako teknika nola aukeratu zenuen?
X. Obra ikusten dut eta zirriborroetan irudiak lantzen hasten naiz. Ez dakit obrek hitz egiten duten, baina nik entzuten ditut.
Barneko sen horrek eramaten zaitu adierazpide bat edo bestea aukeratzera?
X. Inpotentzia hori ateratzea beharra izan da. Ez dakit atera dudan ala ez. Inpotentziatik horrelako irudiak egunero ikusten ditugu.
Sortutakoak testuz lagunduta egon behar zuten.
X. Ideia oso ona izan da. Eta hori egiteko izan dudan laguna primerakoa da. Zein kolaboratzaile pentsatu eta haiek baiezkoa ematea zorte ona izan da.
Testu idazleak nola aukeratu zenituen?
Txema. Hasierako planteamendua zen: guk ezin dugu gerrek sortzen diguten ezinegon edo inpotentzia horretan geratu. Ezin gara nolabait geldirik geratu. Irizpide batzuk garbi zeuden: euskal kulturaren baitan esanguratsuak diren pertsonak eta, ahal dela, genero, lurraldetasun eta beste ikuspuntuak kontuan hartzea. Horren ondorioz etorri dira: Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Kirmen Uribe, Castillo Suarez, Eñaut Elorrieta, Maite Aristegi, Patxi Ibarzabal, Martxelo Otamendi eta ni neu. Xantik gogoeta labur bat eskatu zuen. Bakoitzari irudi bat eman zitzaigun, eta irudi horren inguruan gogoeta egin genuen. Xantik testu horiek guztiak txertatu ditu obraren baitan.
Zer iritzi emaitzaz?
Tx. Ezin hobea da. Eta pasa garen toki guztietatik jaso dugun inpresio hori da. Batzuk igual harritu egin dira, kezkatu ere bai. Izan ere, hau ez da erakusketa eroso bat. Gogoetarako bide ematen duen erakusketa bat da. Eta gogoetarako pizgailua ezinegona da. Egoera nahasi honetan, ezinbestean, gure ezinegon horri aterabide positiboa eman behar diogu, bestela gureak egin du.
Gerrari buruzko erakusketa bat Europa militartzeko bidean dagoenean.
Tx. Hori da. Gainera zein modu akritikoan onartzen ari garen defentsa, defentsa eta defentsa behar dugula. Torlojuak egitea eta granadak egitea ez da gauza bera inondik ere. Orbeak armak egiten zituen eta gaur egun bizikletak egiten ditu. Baina orain badirudi alderantzizko bidea egin nahi dutela batzuek. Eta hori ezin dugu onartu. Gogoeta zintzoa eta sendoa egin behar dela gai horren inguruan.
Testuak obrari eta obrak testuari zer ekarpen egiten diote?
Tx. Oso ongi uztartzen dira. Mundu guztiak esaten du irudiak eta testuak ederki batzen direla.
Sinbiosiarekin pozik?
X. Oso konforme. Tailerrean hasten zarenean ez duzu obra oro har ikusten. Erakusketan konturatu naiz asmatu dugula.
Erakusketarekin batera egitaraua prestatu duzue. Zergatik?
Tx. Gasteizen bezala, ekitaldi sorta bat ere beharrezko ikusten genuen. Altsasun hiru hitzaldi daude, memoriaren eta desinformazioaren inguruan.
Sakandarrak zergatik pasatu beharko lukete Iortia kultur gunetik?
Tx. Komeni da bista apur bat zabaltzea. Horregatik Gernikak, pluralean. Guretako Gernika izugarrizko garrantzia duen herria da. Gernikaz aparte, Historian badira askoz ere bonbardaketa gordinagoa jasan duten herriak. Horien erreferentzia ere badago (liburuxka batean zerrendatuta daude). Horregatik, inportantea da gogoeta egitea, ez bakarrik Gernikakoaz, baizik eta beste hainbat herritan izandako sarraskiez. Gazakoa guganaino iristen den garai hau oso testuinguru aproposa da horretaz hitz egiteko.