Enpresek ez zuten jende trebaturik makina batzuekin aritzeko edo lan batzuk egiteko, eta Hezkuntza Departamentuari galdetu zioten. Eta ikasten ari diren zikloa horretara begira ezarri zuten. Hala azaldu du Mallencok. Ikasketek balio dute ondoren industriako automatizazio sistemen proiektuak garatzeko, muntaia kudeatzeko eta gainbegiratzeko eta industriako automatizazio sistemak mantentzeko.
Zer da automatizazioa?
Aitor. Programa edo zirkuitu bat egiten duzu, ondoren makinak, automatak, lan jakin bat berak bakarrik egiteko.
Ander. Automata programatu egiten dugu. Automatan hiruzpalau gauza programa ditzakezu eta ezarritako ordenean egiten ditu lanak. Pieza beste automata batera pasa daiteke eta hala automaten katea egin dezakezu.
Produkzio lerro batean automatei ordenak sartzen dizkiezue?
Ai. Hori da, bai. Normalean industrian egiten da.
An. Fabriketako produkzio kateetako beso horiek dira. Esate baterako, enpresa batean piezak egin behar dira. Zuk pieza hartzen duen robota baduzu, beste robot bati pieza eramango diona hark zulagailuarekin zuloa egin diezaion. Zulodun pieza hori beste robot batek hartuko luke eta saski batean sartuko luke, pieza margotzeko, adibidez. Beso mekaniko horri aginduak ematen ikasten ari gara, baina hura erabiltzen ere.
Horretarako, zer ikasten duzue?
An. Nik Mikroinformatika Sistemak eta Sareak ikasi nuen, eta elektrizitateaz ez nekien ezer ez. Azkenean dena ulertzen duzu.Niretako hasieran zaila izan zen. Elektrizitate ezagutza pixka bat behar duzu: zirkuituak egin, konexioak, botoiak jarri eta abar.
Ai. Programazioa, pneumatika, beste zikloetan ere ematen den laneko prestakuntza eta orientabidea ikasketak ere baditugu.
Teoria bai, baina praktika ere, ezta?
Ai. Lehen kurtso honetan teoria asko da. Baina proiektu asko egiten ditugu, eta dena automatizatu.
Izena ematean argi zenuten zer ikasketa ziren?
An. Gutxi gorabehera dena ia berria denez, ongi hartu ditugu ikasketak. Gauza berriak esperimentatu ditugu, politak diren gauzak ikasi ditugu. Ongi.
Orain arte ikasitakoaz, zer iritzi?
Ai. Pozik nago. Baina bigarren ikasturtera pasa nahi dut, zeren lehenengo urtean ez gara ibiltzen robotekin. Eta robotak erabiltzen ikasi nahi dut. Ikasketak ongi doaz eta etorriko da bigarrena.
Ikasteko beharrezko tresneria duzue institutuan?
An. Ziklo honen aurreneko urtea da, eta gauza gehiago jartzeko daude. Baina, momentuz, ikusten ari garena ongi dago. Heldu den ikasturterako gauza gehiago egonen dira.
Automatizazioa eta robotika ikasita, zer lan irteera ditu ikasketak?
Ai. Aukera asko dauzkazu. Gaur egun automatizazioa oso garrantzitsua baita, enpresa guztietan dago. Enpresa bateko robotekin aritu gaitezke, mantentze lanak egin ditzakegu...
An. Hemen aurreneko kurtsoan dena ikasten duzu. Lantegian zu bakarrik zaude eta programa dezakezu zure makina edo lantegi osoa, katea sortzeko.
Ikasketa duala da. Enpresetan praktikak egiten hasi zarete?
Ai. Gutxi barru hasiko gara.
An. Lehen kurtsoan 230 ordu inguru dira. Hurrengoan 500.
Ai. Bigarren kurtsoan roboten programazioa eta robotak erabiltzeko behar den informazio teknikoa ikasiko ditugu.
An. Gure praktikak intentsiboak dira, hau da, kobratu egin behar dugu. Uste dut enpresek erabakitzen dutela zenbat ordaindu.
Aurretik Lanbide Heziketako ikasketak eginak dituzue. Praktikak egin zenituzten?
An. Ni denda batean egon nintzen, telefonoak konpontzen. Lanean aritu nintzen lehen aldia zen eta esperientzia ona izan zen, nire nagusia oso jatorra baitzen. Hori izan zen aurreneko esperientzia, eta oroitzapen polita dut.
Ai. Nik ere praktikak denda batean egin nituen. Klasean baino gehiago praktikan ikasi nuen. Klasean kasu bat jartzen dizute, baina ez da erreala. Eta enpresa batean lan bat zer den ikusten duzu.
Dendetan lanean, eta lagunak haienak konpontzeko eskatu zizueten?
An. Ni telefonoekin aritu nintzen. Esaterako, babes pantaila hautsi eta beste berri eta ahaltsuago bat jartzeko eskatu zidan batek.
Ai. Lagunek nire ikasketa berak egin dituztenez, badakite konpontzen. Baina nire familian esan didate: "ordenagailua ez dabil. Egunen batean begiratu dezakezu?" Azkenean, tontakeria bat zen.
Zikloa bukatuta, ikasten segitzeko asmoz edo lanera?
An. Zikloko bigarren eta azken urtea egin ondoren ez dakit oso ongi zer egin. Beharbada lanera, baina animatzen banaiz beste espezializazio bat edo goi mailako beste gradu bat eginen dut.
Ai. Bigarren urtea bukatuko dut. Eta ez dakit unibertsitatera joango naizen edo lanean hasiko naizen.
Nori gomendatuko zenizkioketen ikasketa horiek?
An. Programak edo automatizazio egitea gustatzen zaienei. Gauzak mekanizatu edo eskuekin gauzak egin nahi dituztenei, esate baterako, enpresako robot besoak.
Ai. Elektrizitatea eta pixka bat programazioa gustatzen zaion edonori.