Osasungintza publikoaren eredua zehazteko elkartu ziren

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko apirilaren 9a

Batzarreko parte hartzaileetako batzuk.

Osasun publikoaren aldeko herri plataformek, Sakanakoa barne, IV. batzar nagusia egin zuten

Osasun publikoaren aldeko herri plataformen bozeramaile Mireia Saezek gogorarazi zuenez, "Euskal Herrian zehar plataformak sortu dira osasungintza publikoaren egoeraren errealitate gordin bati aurre egiteko". Egoera makur horren adierazle gisa "murrizketak, lehen arretaren suntsipena eta osasun publikoko sistemaren desegitea eta pribatizazioa" zerrendatu zituen. Herrietako osasun plataformek "ibilbide bat egina dugu eta gure antolakuntza ere beharrezkoa da". Batzarrean haien lana eta zehar lerroak zein diren zehaztu zituzten, beti ere argi izanda azken helburua: "osasungintza publikoaren defentsa sutsua". 

Saezek azaldu zuenez, "osasungintza publikoa arriskuan ikusten dugu. Herritarrok lehen pertsonan ikusten dugu zein den osasun etxeetako egoera: mediku falta, aurrez aurreko arreta lortzea gero eta zailagoa da, osasungintza pribatura gero eta deribazio gehiago daude. Hori guztia herritarren interesen kontrakoa da. Horregatik herritarrok plataformetan antolatu gara".

Saezek osasun sistema "publikoa, unibertsala, guztiondako irisgarria" aldarrikatu du. Administrazioari hori exijitzen segituko dute. "Gobernuetan interes kontrajarriak daude, pribatizazioekin zerikusia dutenak. Osasuna ez da negozioa. Osasuna eskubide bat da. Kalitatezko arreta osasun publikoarekin bermatuko dugu". 

Bozeramaileak azaldu duenez, "interes komunak ditugu. Herritarrok antolatu behar gara gure eskubideak defendatzeko, osasun kalitatea bermatzeko eta denok osasun arreta duina izateko". Horregatik, herritarrei plataformekin bat egitera deitu diete.