Belgikako Dumarey taldeak Sunsundegui eskuratzeari uko egin ziola jakin zen maiatzaren 28an. Langileek ez zuten espero inbertitzaileak atzera egitea. Eta ez dakite haren negoziazio estrategiaren parte ote den. Horren ondoren, konkurtsoko administratzaileek enpresa batzordeari jakinarazi zieten Sunsundegui likidatu eginen dutela zorrei aurre egin ezin dielako. Enpresaren likidazio prozesuaren hasiera apirilaren 14an izanen da, eta apirilaren 30ean lan kontratuak azkentzeko enplegu erregulazioko espedientea (EEE) sartuko litzateke indarrean.
Sunsundeguiko konkurtsoaren administratzaileek langileen ordezkariei adierazi zietenez, "dena itxita dagoenez, epeak laburtu daitezke eta apirilaren 14an likidazioa eta EEE egin daitezke. Baldin eta enpresa batzordeak 14an hasten den kontsulta epeari (15 egun) uko egiten badio". Uko egiteko enpresa batzordearen gehiengoa behar da. Eta, antza, sindikatu batzuk ez daude horren alde. Gainera, likidazioa hasteak ez du esan nahi derrigorrez enpresa behin betiko itxiko dela, likidazio prozesuan ere inbertitzaileak ere ager daitezkeelako. Langile gehienak lantegia zabalik mantentzea lortzeko azkenera arte borroka egiteko prest daude.
Enpresa likidatuko balitz, 50 milioi euroko zorra ordaintzeko guztia saldu beharko litzateke eta 27 milioi baino askoz ere diru gutxiago lortuko litzateke. Salmentako dirua, lehenik, langileen kaleratzeak pagatzeko litzateke. Beraz, ez dirudi 314 hornitzaile eta hartzekodunek kobratuko dutenik. Inbertitzaileak atzera egitean 50 milioi horiek "galdu, desagertu" eginen dira. Langileek Fogasaren bidez lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko diru saria jasoko lukete, gutxienekoa. Konkurtso administratzaileek azaldu dutenez, "ekonomia arrazoiek eragindako itxiera denez, ezin da kalte ordaina handitu, beste edozein zordunek ez du baimenduko eta inpugnatu eginen luke. Haiei dirutza zor zaie eta ez dute onartuko diru gehiago ematea".
Enpresaren aurreko krisi garaian langile batzuk akziodun egin ziren 915 euro jarrita. Jabetzaren %49 zuten hasieran, baina batzuek saldu egin dituzte. Itxiz gero, akziodunak diren 80 bat langileek diru hori ere galduko lukete.
Inbertitzaileak atzera egin du
Langileen ordezkariek bi bertsio dituzte. Batetik, Dumarey taldeak dio, alde batetik, 5 milioi jarri nahi zituztela lantegia apirilaren 1ean martxan jartzeko dauden autobusak bukatzeko. Bestetik, Sunsundegui onbideratzeko baina Dumarey enpresa nagusia sartu gabe, beste 5 milioi jarriko zituztela. 10 milioi eta ez konkurtso administratzaileen txostenak dioen 3,5 milioiak. Dumareykoek diote lurren kutsadurari eta haiekin egin beharrekoari buruzko txostena ez dutela jaso, ez amiantoak kaltetutakoen zerrenda, ez eta langile bakoitzari zein postu dagokion zehazten duen langileen zerrendarik ere, beharrezkoa lantegia martxan jartzeko. Agiri horiek ez zituztelako atzera egin zutela adierazi zieten langileen ordezkariei. Gainera, lantegien balioaren inguruko desadostasunak zituzten.
Bestetik, zuzendaritzak eta konkurtso administratzaileek enpresa batzordeari azaldu ziotenez, duten informazio guztia eman diote Dumareyri. Salbuespena amiantoagatik jendeak aurkez ditzakeen eskaerak, hori jakiterik ez dutelako. Administratzaileek "inbertitzailearen proposamena ez dute kontuan hartu serioa ez zelako".
Enpresa batzordekoak Sodena enpresa publikoko ordezkariekin elkartu ziren apirilaren 3an. Juan Antonio Lopez Cidek (CCOO) azaldu duenez, "zorreko 50 milioi euroak modu batera edo bestera galdu egin behar dira. Inork ez ditu kobratuko. Beraz, egin dezatela 2009koa eta enpresa euro bategatik eros dezatela, orduan bezala, orain ere zorra barkatuta eta enpresa martxan dela. Bestela, Nafarroako Gobernuaren laguntza eta babesaz kooperatiba edo lan sozietate anonimoa sortzea. Mikel Irujo Amezaga kontseilariak enpresa batzordeari hori lagunduko zutela esan zion enpresa batzordeari bilera batean. Behintzat, Sunsundegui ez dadila itxi".
Kooperatibaren aukera konkurtso administratzaileei eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztu zieten, baina langileen ordezkariek ez dute erantzunik jaso. CCOOko kideak esan duenez, "gure gain uzten dute hori guztia mugitzeko ardura. Baina guk ez dakigu, horretarako laguntza behar dugu". Lopezek gaineratu duenez, "Sodenak orduan Jose Ignacio Murillo Garralda inolako kontrolik gabe buru jarri zuen. Oraingoan jar dezatela enpresa kudeatzaile bat, baina kontrola dezatela, gertatu dena ez pasatzeko".
Juan Ignacio Palacio Balek (ELA) esan duenez, "Sodenari eskatu diogu engainuzko enplegu erregulazio espediente bat den iker dezala. Ea Sunsundeguiren egoeraren ardura norbait den". ELAkoak azpimarratu duenez, "zuzendaritzaren aldetik antolakuntza kudeaketa txarra izan da". Adibide gisa jarri du "Volvok atzera egin zuenean, Sunsundeguiko 250 langileak lanik gabe geunden eta, hala ere, Volvo proiekturako kontratatutako 150 langileak bereganatu zituen enpresak. Gehiegizko plantilla zegoen". Erredakzioa itxi aurretik ezin izan dugu UGT eta LABekoen iritzirik jaso.