"Harrituta nago hainbeste jende ikusita literaturako istorio batean". Behin baino gehiagotan aipatu zuen Joseba Sarrionandiak "harridura" Iortia kultur guneko aretoan hainbeste jende ikustean. Guaixe Fundazioak GUAIXEren 30. urteurrena ospatzeko antolatutako Hitzen libertatea hitzaldian izan zen, eta Izaskun Etxeberria idazleak gidatu zuen solasaldia. Bi atal izan zituen: lehenengoan Sarrionandia sormen lexikalari buruz aritu zen, eta bigarren atala pertsonalagoa izan zen, eta aurkezlearen galderak erantzun zituen idazleak Territorio librea poema oinarri hartuta.
Palindromoak, hitz asmatuak eta kalanburrak azaldu zituen Sarrionandiak. "Seguraski ez duzue ezagutuko aipatuko dudan pertsona: Markos Gimeno. Ermukoa zen, palindromoak, neologismoak eta kalanburrak landu zituen". Idazleak azaldu zuenez, Euskal Herritik joan zenean Gimenok hiru urte zituen eta bueltatu zenean hiru urte hilda zeramatzan. "Bere burua etxe batetik bota zuen. Bizitzaren parte handi bat pasatu zuen eskizofrenia diagnostikoarekin, eta sormen aldiak zituen eta tristuraldi handiak". Musikaria eta artista zen, "herriko grafitiak eta kartelak egiten zituen". Euskaldunentzat "oso interesgarria" dela gaineratu zuen: "400 urte behar izan ditugu ortografian ados jartzen, Etxeparek liburua argitaratu zuenetik eta ni gaztea nintzenean oraindik lortu gabe zegoen adostasuna 25 letrari buruz".
"Inpresioa daukat azken urtetan ongi hitz egitekoa ngustiarekin bizi garela"
Azkenengo urtetan euskara eredu bat, batua, "ados jartzen" lortu da, "euskara gramatikalizatuta bat dago, eta idatzi daiteke eta literatura egin daiteke". Baina idazleak aipatu zuenez, "inpresioa daukat azken hamarkadetan jendea bizi garela angustiarekin ongi hitz egiteko". Inkorrekzioaren beldurra dago eta horregatik proposatu zuen Markos Gimenoren hitzetatik hasita "pixka bat inkorrektoak izatera".
Sormen lexikala
Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den esaldia da palindromoa. Adibidez, Kaosaren erasoak edo Arrate ere etarra; "Ermuako ama birjina Arrateko ama birjina da". Garai horretan Garzonek bi periodiko itxi zituen, eta palindromo hori idatzi zuen Gimenok. Sarrionandiak azaldu zuenez, Alfonso Reyesek kritikari mexikarrak uste du palindromoek berez ez dutela zentzurik, baina Gimenok "esfortzu handia" egiten zuen eta zentzu handia zutela erakutsi zuen.
Euskaraz palindromoen historia luzea dela azaldu zuen Sarrionandiak. "Badirudi oso modernoa dela baina duela ehun urte palindromo lehiaketa bat egon zen, oso interesgarria da zirkunstantzia". Primo de Riverak 1923an estatu kolpea egin zuen; Kataluniako kapitaina zen, eta katalanak "oraingo moduan zeuden independentziarekin", eta estatu kolpea eman zuenean diktaduraren lehengo legea estatuko hizkuntza periferikoak debekatzea izan zela azaldu du idazleak: "Katalana, galegoa eta euskara debekatu ziren". Baina ezin izan zuen Euskadi deitutako egunkari bat debekatu Lehenengo Gerra Handian Ramon de la Sota deitutako itsas gizon batek parte hartu zuelako, eta gerra amaitzean Herz prentsaren magnateak inprentarik modernoena oparitu zion eta Bilbon jarri zuten; Euskadi egunkariko inprenta zen. Orduan, kolpea eman ondoren ezin zuen egunkaria debekatu ingelesak eta estatubatuarrak ez haserretzeagatik. Euskara debekatuta zegoenez, Kirikiñok euskal orria argitaratzen zuen, eta asmatu zuen palindromo lehiaketa bat euskara idazteko.
Neologismoei buruz hitz egin zuen ere Sarrionandiak Altsasuko hitzaldian, Gimenoren lana aipatuz. "Edozein hizkuntza sistema bat bezala hartzen dugu, norma bat duena. Sistema norma baina zabalagoa da". Azkenengo hamarkadetan norma sistemaren antzekoa dela pentsatzeko joera dagoela esan zuen, "denok saiatzen gara normara moldatzen". Gimenoren lanak, aldiz, erakusten du sistema oso zabala dela, eta norma txiki: "Artifizio bat dela, eta jakin behar dugu normatik ateratzen eta sistema linguistikoaren eta komunikatiboaren baliabideak erabiltzen; hitz asmatuak". Hitzaldian egon zirenek asmatutako hitzen zerrenda jaso zuten, Sarrionandiak azaldutakoa ikus ahal izateko.
Asmatutako lexiko horren hirugarren adibidea kalanburrak dira: "Sekuentzia linguistiko bat uler daitekeena forma diferenteetan". Gimenok, esaterako, kalanbur elebidunak lantzen zituen, hau da, esaera bat euskaraz eta gaztelaniaz esanahi desberdinak zituztenak. Horiek oinarri hartuta bakarrizketa saio bat egin zuen. Horrekin lotuta elebitasunari buruz hitz egin zuen Sarrionandiak: "Gauza bitxi bat gertatzen da; bilinguismoaren berezitasuna". Gizarte elebidun batean "normala" da bi hizkuntza izatea eta aberasgarria da, baina idazlearen iritziz euskaldunek "patologia bat dugu"; monolinguismoa desagertu da, hau da, euskaldun guztiak elebidunak dira, bi hizkuntza dituzte, eta euskaraz "kondizio eta identitario prekario bat badugu". Euskaraz zalantza eta inzertidunbre pila bat daude, "ez dakigu noiz hitz egiten dugun ondo, etengabe pentsatzen gaude oker hitz egiten dugula eta besteek oker hitz egiten dutela". Hizkuntza "dominante" bat dagoela da arazoa, "eta ematen du unibertsala eta problemarik gabekoa dela. Eskizofreniari gertatzen zaiona gertatzen zaigu hizkuntzarekin".
Hitzaldiaren lehenengo atalarekin amaitzeko Sarrionandiak euskaldun elebidunek duten "beste patologia" bat aipatu zuen: "Espainol monolinguistek eta Iparralden frantsesek, nahiz eta gizarte bilingue batean bizi, hizkuntza bakarra dakite eta pentsatzen dute bere hizkuntza unibertsala dela". Hizkuntza hori unibertsala dela pentsatzen dutenez, "bi edo hiru hizkuntza dakiena baino inteligenteagoa dela pentsatzen du".
'Territorio librea'
Izaskun Etxeberriak hitza hartu zuen hitzaldiaren bigarren atalean eta Sarrionandiari elkarrizketa literario eta pertsonalagoa egin zion. Territorio librea poesia oinarri hartuta, territorio libre hori zein den izan zen lehenengo galdera: "Hizkuntza altxor bat da eta Euskara da gure territorio libre bakarra esaera hori entzun izan dut nik poema aipatzean ematen diodan zentzuaren kontrakoarekin". Hizkuntza territorio libre bat dela esan zuen Sarrionandiak, "euskara eta edozein ere". Euskara territorio "ederra" dela gaineratu zuen, "baina esaera esaten da euskaraz eginda arazoa konponduta egongo balitz bezala, eta poemak kontrakoa esaten duela uste dut".
Poema hori 1981an idatzi zuen, Puerto de Santamariako kartzelan. Egoera oso txarrean zeuden funtzionarion aldetik, "ez ziguten pakean uzten", eta haien espazio "partikularra" euskaraz egitea zen. Baina momentu batean grabatzen hasi ziren eta haiekin Iñaki Aramaio zegoen. Berak hitz egiteko modu berezia garatu zuen, hitzak lekuz aldatzen zituen: "Orduan funtzionarioa han zegoela euskaraz egitea nahikoa ez zenez, ea konfunditzen genuen esan zuen, baina hitz guztiak trukatuta.". Hori da poemaren azalpena. "Hizkuntza inportantea da, baina botere harremanek eta bizi garen gizartea eta gainean daukagun estatuak oso fuerteak dira. Euskaldunak hizkuntzan eta beste gauza askotan pentsatu behar dugu".
"Nire ustez literatura komunikazioa da; badago idazle bat eta irakurle bat"
"Nire ustez literatura komunikazioa da", erantzun zion Sarrionandiak irakurle ote den galdetuta. "Badago idazle bat, irakurle bat eta komunikazioa. Jendearen arteko komunikazioa literaturaren funtsa da". Idazleak irakurleak dira; dikotomiarik ez dagoela azaldu zuen: "Konbertsazio batean zer zara hiztuna edo entzulea? Hitz egiteko entzun behar dugu besteak esaten duena. Idazleak eta irakurleak gara". Idazten hasi zenean irakurle eta idazle gutxi zeudela esan zuen, "gaur egun euskarazko idazle asko daude". Irakurleak falta dira. "Ez euskaraz bakarrik. Teknologiaren bilakaera bat dago eta jende guztiak pantailetara migratu du". Irakurlea "galzoriko espezie" bat dela esan zuen Sarrionandiak, "lehen nobela batean protagonista Sandokan edo Madame Bovary zen. Orain benetako protagonistak irakurleak dira".
Fantasia
"Errealitatetzat hartzen dena baina gauza irrealagorik ez dago; gezurra da"
Literatura egiten hasi zenean fantasia pixka bat behar zutela azaldu du Sarrionandiak. "Euskara debekatuta egon zen urte pila bat, eta Franko hil eta zulotik ateratzen hasi ginenean, gure munduan fantasia beharrezkoa zen". Fantasia literatura egin nahi zuen, baina denborarekin "motiboak aldatzen joan zaizkit". Lehen interesatzen zitzaion fantasia hori "errealitatera" bueltatu da. "Behintzat azkenengo liburuetan egin dut esfortzua errealitateari bueltak emateko. Errealitatetzat saltzen digutena, telebistan esaten diren albiste horiek baino ezer irrealagorik ez dago". Gabriel Garcia Marquezen errealismo magiko delakoa txiki gelditzen da, telebistan eta prentsan agertzen direnekin alderatuta. "Sartzen dizkiguten gezurrak ikaragarriak dira. Nire ustez benetako arazoa daukagu errealitatetzat hartzen dugun hori kanalizatzeko orduan. Errealitatetzat ematen zaiguna gezurra da".
"Zergatik idatzi nuen Moroak gara behelaino artean liburua? Fantasia idazten hasi nintzen euskarazko lengoaia literarioa landu behar genuelako; ez geneukalako. Idazteko beharrezkoa zena. Gero beste erregistro batzuk garatuko ziren, neutro edo estandar. Lengoaia horren bila idazten nuen". 1990ko hamarkadaren amaieran lengoaia estandar hori lortu zela aipatu du idazleak, "literatura egiten zen eta liburu asko eta onak argitaratzen ziren". Euskal literaturaren bilakaera "inpresionantea" izan dela gaineratu zuen. 1970ko hamarkadan,"borroka politikoan, ETAn eta beste batzuk okerrago, soldaduskara, joan ginen eta nahi genuen guztia lortzen ari ginela uste genuen. Franco hil eta gauzak soluzionatuko zirela uste genuen, borroka gogortu zen, eta denborarekin konturatu ginen nahi ez genuen guztia ari ginela lortzen". Euskal Herriarekin komunikazioa berreskuratu zuenean konturatu zen "ez genuen guztia lortzen ari ginela, eta horri bueltak ematen hasi nintzen". Beraz, Sarrionandiak sentitu zuen euskal literaturan formalki ez zuela ezer aportatzeko, "herri bezala zer interesatzen zaigu? Gogoeta horrekin Lagun izoztua idatzi zuen, baina modu arrazionalago batean pentsatu behar nuen". Zazpi urte eman zituen ideiak "apur bat" antolatzen. "Paradoxa bat sortu zen: ezin nituen ideia horiek modu argi batean formulatu. Hemen ez dago eztabaida politikorik. Euskaldunok dugun akats bat da ez garela kapazak gai inportanteak modu normal edo positibo batean eztabaidatzeko". Liburu horretan ideia "mordo bat" sartu zituen.
Hitzaldiarekin amaitzeko Etxeberriak norendako idazten duen galdetu zion, eta Sarrionandiak "pertsona prototipo" bat pentsatzen duela aipatu zuen. "Irakurlea imajinatu behar dut; liburu bakoitza da irakurle desberdin batentzat".
Ekitaldiarekin amaitzeko Sarrionandiaren Sustraiak han dituenak poemaren bertsoak irakurri zituzten Samik, Mertxek, Dabak eta Rafak haien ama hizkuntzatan, Jorge Cordonek pianoan Mikel Laboaren abestiaren bertsioa jotzen zuen bitartean. Ondoren, GUAIXEren urteurrena ospatzeko auzatea izan zen. Hitzaldiaren eszenografia Jabi Trapero-k egin zuen. Guztia Manken laguntzarekin gauzatu zen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!