Astekaria

"Gauzak nola gainditu eta sentitu erakusten du"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko api. 8a, 12:18

Gixane Santano Cerdan liburuarekin.

Gixane Santano Cerdan estetizistak 'Diario de una esteticista con espíritu de superación' liburuaren aurkezpena egin zuen apirilaren 4an, Altsasuko Iortia kultur gunean.

 Estetizista baten esperientziatik "harago" doa liburua

1. Noiz hasi zinen estetizista gisa?
Duela 30 urte hasi nintzen. 

2. Zergatik estetizista?
Liburuan azaltzen dudan bezala, neskato oso lotsatia nintzen. BBB ikasten ari nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen eta ez nuen unibertsitatera joan nahi. Piper asko egiten nituen; nerabezaroa... Aitak Beasainen lehengusin bat zuen, eta aurpegi tratamenduak egiten zituen. Ahizpa eta biok akne asko geneukan eta garbiketa egin zigun. Ez dakit nola utzi zigun aurpegia, baina ohetxoan eta tratamendua jasotzen sentsazio hori asko gustatu zitzaidan. Aitak galdetu zidan ea zer egin nahi nuen eta esan nion estetizien; ezin zuen sinistu ez nuelako nire burua asko zaintzen. Irakaslea oso jatorra zen, hippie; estetika konbentzionala ez ezik, eman behar zuena, gehigarria ere erakusten zigun. Kanpotik ez ezik, barrutik zaintzeko.

3. Gainditzeko izpiritu hori hortik dator?
Hasi nintzenean estetika estetika zen; jendearen ustez emakumeak guapak jartzera joaten ziren toki bat zen. Nik ere alde emozionalarekin lan egiten dut. Insitututik ere energien munduarekin hasi nintzen. Ikasketak amaitzean reflexoterapia eta abar ikasten hasi nintzen. 

4. Nola garatu da zure ibilbidea?
Lana eta zaintza uztartu behar nituen. Jendearekin egotea izugarri gustatzen zitzaidan, eta asteburuetan esentzia olioak, bach loreak eta horrelako ikastaroak egitera joaten nintzen. Mundu honetan sartzeko momentuan ez zen erraza jendearendako oso arrotza egiten delako, sekta batean sartzen ari nintzela edo zirudien. Hortaz, lanera etortzen nintzen, eta eskatzen zidatena egiten nuen, baina ikastaroetatik oso mugitua etortzen nintzen eta pentsatzen nuen niri balio bazait besteendako ere ona izanen zela. Jendea tratamenduak egitera etortzen zenean kontatzen zidan nola zegoen, eta esaten nien probatzeko bach loreekin edo bestearekin. 

5. Nola sortu zen liburua idazteko ideia?
Bi urte hauek oso mugituak izan dira. Madrilera askotan joaten naiz, eta han FANAEko Concha ezagutu nuen, eta jende gehiago ezagutzera itzultzen nintzen, tartean Reme eta bere semea, Fabian, editorea. Bertak esan zidan: "Zergatik ez zara liburu bat idaztera animatzen?". Madriletik bueltan baietz erantzun nuen. Estetizistek askotan idazten didaten galdetzeko ea nola egiten dudan, eta liburuan gauza horiek jarriko nituela pentsatu nuen. Ez bakarrik estetikaren mundua, baizik eta bizitzan laguntzeko gauzak ere.

6. Zein izan zen inflexio puntua?
Konfinamenduaren aurretik hasi nintzen nire modura lan egiten. Oraindik ez nengoen naturopatiarekin, baina bai Emocosmetikarekin eta nutrikosmetikarekin. Inkoherentea zen; jendeari lasaitzeko esaten nion eta ni oso urduri ateratzen nintzen. Konfinamenduan sartu ginenean komertzialak hasi ziren ikastaroak ematen, eta lehenengo hilabetea ikasten pasa nuen. Gero hasi nintzaien nire bezeroei gauzak proposatzen. 

7. Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Flipantea izan zen. Abuztuan erabaki nuen idatziko nuela, eta familiari esan nion ez nintzela festetan aterako. Betidanik izan ditut koaderno pila bat eta zerbait bururatzen zaidanean apuntatzen dut. Hasi nintzen eskuz idazten eta editorearekin harremanetan. Hilabete eta erdi batean idatzi nuen. Gehien kostatu zitzaidana azala eta diseinua izan zen. Nire aurpegia jarri nahi zuten, baina nik ez nuen nahi. Castillo Suarezi galdetu nion, eta esan zidan tanta bat jarriko zuela, natura... 

8. Zer kontatzen du?
Hasiera batean estetizistendako zentro bat nola bideratu gida antzeko bat izan behar zen. Azkenean, gauzak nola gainditu, nola bizi, nola sentitu, mugak jartzen ikasten eta abar erakusten du.

9. Noiz publikatu zenuen?
Gabonetarako nahi zuten, eta, publikatuko zutela esan zidatenean, bertigoa sartu zitzaidan. Denoi gertatzen omen zaigu. Otsailerako prest zegoen eta astrologia eta numerologia ere pixka bat jarraitzen dut, eta erabaki nuen otsailaren 10ean publikatuko nuela. 

10. Zer sentitu zenuen eskuartean izan zenuenean?
Kostatu zitzaidan eskuan izatea. Hasieran esan nuen publikatuko nuela, eta bi aste inguru pasa ziren eskuetan izan nuen arte. Jendeak irakurri du, eta oso erraz irakurtzen dela esan didate. Sentsazioa polita da. Lortu dut lana askoz hobeto eramatea. 

11. Nolakoa izanen da aurkezpena?
Azken egun hauetan prestatzen ari naiz. Liburutegitik esan didate zerbait prestatzeko. Bikotea eta biok berdinak gara, bihar zerbait daukagu eta gaur eginen dugu. Lasaia izatea espero dut.