Ondasun higiezinen enkantea eginen da

Guaixe 2025ko api. 4a, 11:42

Enkantera aterako den pisua Zelai kalean dago. ARTXIBOA

Pisu bat eta trasteleku bat eta bi partzela salduko dira horrela.

Nafarroako Foru Ogasunak jakinarazi duenez, Altsasun dauden ondasun higiezin enbargatuak enkante bidez salduko ditu. Enkantea Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatuko Agentziaren Enkanteen Atarian eginen da. Aipatu webgunean eskaintzak egiteko epea apirilaren 24ra artekoa da. Bi lote dira salduko direnak. Alde batetik, Zelai kaleko 52. zenbakian dagoen 68 m2-ko pisu bat eta 15,3 m2-ko azalera erabilgarria duen trastelekua. Haiengatik 77.455,94 euro eskatzen dituzte. 

Enkante bidez salduko den bigarren lotea bi lursailez osatuta daude. Bata Uberaga dermioan dagoen belardia da hektarea bat, hogeita hamar area eta berrogeita hamar zentiareako azalera duena. Bestea Arrurdintzulo dermioan dago eta hogeita hamasei area eta berrogeita hamabost zentiareako azalera du, eta zatiezina da. Haiengatik 3.251,02 euro eskatzen dira. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren apirilaren 4ko zenbakian dago enkante deialdiari buruzko informazioa.