Sunsundeguiko enpresa batzordeak makina bat langilez lagunduta pentsaurrekoa eman du enpresako atearen aurrean. David Trevejo batzordeko presidentearekin eta Rita Torrico batzordeko kidearekin hitz egin du GUAIXEk. Azken albisteen arabera, inbertsioak atzera egin du eta apirilaren 14an enpresaren likidazioa hasiko da, horren aurrean Trevejok esan du "kezka oso handia" dela eta langileen animoak "oso gaizki" daudela: "Urte asko daramatzagu hemen, beti egon gara hor eta produktu oso politak dauzkagu". Hori guztia "pikutara" joatea penarekin ikusten dute langileek. Torricok gaineratu duenez, langileek langabeziaren sei hilabete gastatu dituzte dagoeneko, "eta horrela bukatzeko; berri oso txara da".
Trevejok esan duenez, itxaropena badago: "Batzordea azken momentura arte hor egongo da. Hitz egiten dugu, Iruñean zer gertatzen ari den galdetzen dugu...". Nafarroako Gobernua ere "hor dagoela" adierazi du, "baina gaur daukaguna oso kezkagarria da, ikusten dugu kalera joango garela". Inbertsorearekin "kezka" dutela azaldu du batzordeko kideak: "Inbertsorea agertu behar da. Hemen daukagun produktua oso ona da; autobus merkatuetan galdetzen duzu eta oso polita dela diote, eta sektore estrategiko bat da, mugikortasuna; oso garrantzitsua da Europarako, estaturako eta Nafarroarako". Egoera horretan egotea "gezurra" dirudiela gaineratu du batzordeko presidenteak. Torricok gaineratu duenez, langileria "oso trebatuta" dago: "Plantilla oso ona da; soladudra, elektrizitatea, karpinteria, pintura... Jendea oso trebatuta dago eta esperientzia handia du. Pena da jende guztia kalean gelditzea".
Apirilaren 9an, asteazkena, elkarretaratzea eginen dute Altsasuko udaletxearen aurrean, eta apirilaren 11n, ostirala, manifestazioa Altsasun. "Sakanarrendako, Sakanarendako eta herriarendako oso txarra izango litzateke hau galtzea. Oso garrantzitsua da".