Sunsundeguiko langileek "azken unera arte borroka" eginen dute

Guaixe 2025ko api. 9a, 11:54

Sunsundeguiko langile baten kamixeta zintzilik kontzentrazioaren parean.

Apirilaren 11n, ostirala, Altsasun Foru plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte sakandarrak. 

Apirilaren 14an, astelehenean, Sunsundeguiko konkurtsoko administratzaileek enpresaren likidazioari ekinen diote. Eskaintzarik iristen ez bada, behintzat. Enpresa ez ixteko eta harendako konponbidea eskatzeko elkarretaratzea egin dute Sunsundeguiko langileek Altsasun. Enpresa batzordeko bozeramaileek adierazi dutenez, badakite Nafarroako Gobernua konponbidea bilatzeko ahalegina egiten ari dela. 

Langileen ordezkariek esan dutenez, "azken unera arte borrokatu beharra dugu, 340 pertsona kalean ez uzteko, ezta enpresa hornitzaileetakoak ere". Azaldu dutenez, "jakitun gara zein egoera larrian gauden. Horregatik, agente guztien laguntza eta babesa behar dugu Sunsundeguik bideragarritasuna izan dezan: Nafarroako Gobernua, Sodena, konkurtsoko administratzailea eta Altsasuko Udala". Azaldu dutenez, "denbora gure kontra ari da, eta premiazko konponbidea behar dugu enpresa desager ez dadin".  

Elkarretaratzea despeditu ondoren, enpresa batzordeko kideek udaletxean idatzia aurkeztu dute. Haren bidez Altsasuko Udalari babesa eta "enpresak bizi duen egoera larriaren aurrean bustitzea" eskatu diote. Apirilaren 11n, ostirala, 19:00etan, Foru plazatik abiatuko den manifestaziora deitu dituzte sakandarrak.