Eskolan egin beharreko obra bat emateko deialdia eginda

Guaixe 2025ko api. 16a, 11:10

Zelandi ikastetxe publikoa. ARTXIBOA

Teilatuaren zati bat konpondu nahi du udalak udan.

Altsasuko Udalak Zelandi ikastetxe publikoko teiladuraren zati bat konpontzeko lanen deialdia egin du. Obrak 72.846,44 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Enpresek eskaintza apirilaren 22ko 23:59ra arte aurkezteko aukera izanen dute. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak haiek despeditzeko bi hilabete izanen ditu, baina irailaren 15erako despedituta egon beharko dute. 

Zehazki, udalak eskolako teilatuaren zati bat eta Haur Hezkuntzako eremuko patioko estalkia konpondu nahi ditu. Bi teilatuetan agertzen ari diren akatsek eraginda, barrualdera euri ura iragazten ari da, eta horrek arriskuan jartzen du eraikinaren erabilera. Hiru lan egitea aurreikusi du udalak. Batetik, dauden teilen zati bat kentzea, isolamenduko xafla bat jartzea eta zeramikazko teila misto berriak jartzea. Eta, bestetik, polikarbonato argizulo kurbatu batzuk aldatzea. Azkenik, dagoen altzairu galbanizatuzko teilatu hodiaren ordez sekzio angeluzuzeneko xafla aurrelakatuzko bat jarriko da. Erretenak ihesak eta eremu herdoilduak ditu.

Aurreko urteetan udalak eskolan egindako inbertsioak

  • 2016 Beheko solairuko komunak berritzea.
  • 2017 Lehen solairuko igogailuak berritzea.
  • 2018 Ateak segurtasun-araudira egokitzea.
  • 2019 LED sistema instalatzea barruko argiterian.
  • 2019 Beheko solairuko pintaketa.
  • 2020 Zentroaren estalkia partzialki berritzea.
  • 2021 Lehen solairua pintatzea.
              Ikastetxeko patioa berritzea.
  • 2022 Instalazio elektrikoaren lehen fasea berritzea.
  • 2023 Instalazio elektrikoaren bigarren fasea berritzea.
  • 2024 Instalazio elektrikoaren hirugarren fasea berritzea.