Altsasuko Udalak Ondarria industrialdea hobetzeko lanen laugarren fasea emateko deialdia egin du. Lanek 115.699,29 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra egin nahi duen enpresak eskaintza aurkezteko apirilaren 22ko 23:59ra arteko epea du. Kontratua eskuratzen duenak egitekoak 50 egunetan despeditu beharko ditu.
Udalak, zehazki, A kalean, ezkerreko aldeko espaloia 150 metrotan berritu nahi du. NA-2410 errepideko bidegurutze ondoan hasi Eguzkia lantegiaren ertzean dagoen espaloia hain zuzen ere. Berritze lan horiek baliatuko dira erreserbako kanalizazio linea jartzeko, sareak zabaldu ahal izateko. Bestetik, B kalean 870 m2-ko asfaltozko azalera konponduko da. Era berean, espaloia berritzea planteatzen da, bai ezkerreko aldean dagoen zati batean, bai eskuineko alde osoan (460 metro luze). Han ere espaloia berritzea aprobetxatuz erreserbako kanalizazio-linea jarriko da, sareak zabaldu ahal izateko.
Laugarren urtea jarraian izanen da Altsasuko Udalak Ondarria industrialdean hobekuntza lanak egiten dituela. Lehenik, D eta B kaleetan euri urak biltzeko eta zorua berritzeko lanak egin zituen 2022an. C kalean espaloiak konpondu eta kaleko zorua guztiz berritu zuen 2023an. Eta 2024an Burunda ibaian, 20 metroko luzera duen harri lubeta bat egin zuen. Eta horrekin batera, B kaleko ibai aldeko espaloiaren zoladura berritu zuen, zehazki, 420 metro. Orduan ere espaloia berritzean sareetarako kanalizazioak sartu ziren, etorkizunean erabili ahal izateko.