miren aldasoro

"Migratu aurretik ikusi nahi genituen"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko apirilaren 16a

Miren Aldasoro ikasleei ineresaguen besoei buruzko azalpenak ematen.

Iñerexaguetan espezializatutako Juan Tomas Alcalderekin batera, Miren Aldasoro Lezeak Iñigo Aritza ikastolako ikasle talde bati basoan azalpenak eman zizkien.

Oinez Basoaren baitan inerexaguendako babesleku edo kutxak jarri zituzten Altsasuko basoan, Usolarrainen. Haiek behatzera joan ziren bi biologoak eta Iñigo Aritza ikastolako LH 6ko ikasleak.

Zer saguzar mota bizi da kutxetan?
Irudipena dugu saguzarrak kobazulotan daudela, baina hainbat espezie zuhaitzen zuloetan bizi dira. Behaketan bi espezietakoak ikusi ditugu. Alde batetik, niktalo txikia, gure intereseko espeziea zena. Eta, bestetik, oso txikia den saguzar arrunt bat.

Maiz egiten dira kutxen behaketak?
Bai. Normalean, urtero jarraipena egiten saiatzen gara. Urtero ez bada, bi urtean behin. Baina komenigarria litzateke urtero jarraipena egitea. Kasu honetan, udaberri aldera. Izan ere, saguzarrek neguan hibernatu egiten dute, eta udan kumatzen dira. Interesa genuen espezie horrek, niktalo txikia, negua Europa hegoaldean pasatzen du. Migratzailea da eta udaberri uda partean iparraldera mugitzen da eta han kumatzen da. Behaketaren asmoa zen migrazioaren aurretik animaliak ikustea. Txip edo antena duen emisore txiki bat jarri diegu. Migratzean egunez eguneko kokapena emanen digu hark. Horrela, migrazio hori noiz, nola eta noraino egiten duen ikusteko.

Juan Tomas Alcalde eta Miren Aldasoro Lezea iñerexaguari begira.

Zuhaitzetako babeslekuak jaitsi eta batzuetan ez zegoen ezer?
Ez zegoen ezer, baina bazegoen zerbait. Bere momentuan hogei kutxa jarri ziren, hamasei ikusi ditugu. Guztietan saguzarren kaka zegoen. Gehienetan ez zen freskoa. Baina horrek erakusten digu kutxa horiek erabiltzen direla, eta onuragarriak izan daitezkeela hainbat espezierendako. Oraingoa momentu konplexua izan daiteke: martxoa nahikoa euritsua izan dugu, eta orain hasi da eguraldia pixka bat hobetzen. Beharbada, migratzen ari diren espezie batzuk oraindik ez dira iritsi. Eta migratzaileak ez direnak apika ez dira kobazuloetatik atera. Hau trantsizio garaia da. Horregatik nahikoa arrunta izan daiteke kutxa guztiak okupatuta ez egotea. Baina ikustea guztiak erabili direla beti da seinale ona.

Ingurumenaren osasunaren testa?
Bai. Daukagun ingurunearekin zorte handia dugu. Horrelako harizti zaharrak opatzea gaur egun ez da erraza. Sakanan zorte handia daukagu. Horren adierazle hainbat espezie dira, beste leku askotan agertzen ez diren espezie ugari dauzkagu Sakanan. Saguzarretan ere bai. Horregatik, beren habitata mantentzen laguntzeko egin dezakegun guztiak ongi etorria izanen da.

Jarraipena zenbat luza daiteke?
Hori beti askotan beste kontuengatik izan daiteke. Normalean finantzazioa izan daiteke muga. Kasu honetan, egin dugun berrikuspena, esan daiteke nahi dugulako egiten dugula. Inork ez du ekimen hori babesten. Datu horiek beti publikoak eta erabilgarriak izanen dira. Baina gure nahiaren ondorio dira. Ez dago jarraipen bat, esaterako, Nafarroako Gobernuarena edo beste erakunderen batena. Beste espezie batzuekin gauza puntualak izan daitezke. Proiektuak lau urtekoak-edo izaten dira. Askotan epe motzekoak izaten dira, nahiz eta komeniko litzatekeen ahalik eta eperik luzeenean jarraipena egitea.

Zer balio du ikasleak egoteak?
Halakoak egitea altxor bat da. Saguzarrak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Ez da erraza izaten. Gainera, etorkizunean kudeaketan eta hainbat lekutan egongo diren gaztetxoen ezagutza sustatzea baino hoberik ez dago. Dibulgazio lana geroz eta garrantzitsuagoa da. Geroz eta deskonektatuago daude naturarengandik, eta daukan balioa, beharbada, ez dugu ulertzen. Zorte handia da, bai haiendako bai guretako, informazio elkar harreman hori egon ahal izatea.