Saskibaloia

CBASK, play-offetako sailkapen fasean

Guaixe 2025eko apirilaren 10a

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak final laurdenetako bukaerako faseari ekingo dio.

Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Noainen kontrako joanekoa galdu zuen eta bueltakoa du jokoan. Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bukaera fasean San Ignacio du aurkari

Mutilen bigarren maila autonomikoan, CBASK Narum Fisioterapiak bigarren faseari ekin dio, 1 eta 8 postuen arteko ligaxkari, hain zuzen ere. Helburua lehen lau postuetan sartzea da, play-off postuetan, ligako tituluaren borrokan sartzeko. 

1-8 postuen arteko sailkapen faseko lehen jardunaldian CBASK Narum Fisioterapiak CB Noain taldea hartu zuen Zelandin, eta partida borrokatuan, azkenean Noain gailendu zen 10 punturen aldearekin, 79-89. Partidaren lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina erdialdean Noainek abantaila txikia hartu zuen, bukaerara arte mantendu zuena. 

Gauzak horrela, itzuliko partida jokatuko dute Noainek eta CBASK Narum Fisioterapiak apirilaren 12an, 18:30ean, Noainen. Altsasuk irabazi beharra du, bi taldeek elkarren kontra jokatuko duten hirugarren jardunaldirako parean jartzeko. 

Neskak, bukaera fasean
Nesken lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak final laurdenetako bukaerako fasean San Ignacio izango du aurkari. Joaneko partida apirilaren 11n jokatuko da, ostirala, 20:00etan, Zelandin. Ea altsasuarrek ongi ekiten dioten fase erabakigarriari.