Txirrindularitza

Erramu Trofeo jendetsua espero da Altsasun

Guaixe 2025eko apirilaren 11

Iker Gomez altsasuarrak tartekako helmugen saria lortu zuen iaz Erramu Trofeoan. ARTXIBOA

Altsasu Kirol Elkartearen probaren LXVI. edizioa dago jokoan, apirilaren 13an

Apirilaren 13an Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako LXVI. Erramu Trofeoa jokatuko da, 10:00etan. Jendetsua izango dela aurreikusten du arduradunak, Felix Mazkiaranek. Badaezpada 160 txirrindulariren muga jarri dute, gehiegizkoa izan ez dadin. Lehenengoz, emakumezkoak ariko dira. "Talde batek eskatu digu, eta baiezkoa eman diegu". Ibilbidea joan zen urtekoa da. Hau da, hasieran Zegamako mugarantz joko dute, bitan, eta segidan Olaztiko bidea hartuko dute Altamirara igotzeko. Altamira hiru aldiz igoko dute. Helmugaratzea 12:50 inguruan izango dela espero da.

Azken Erramu Trofeoa?
Aurten, historian lehenengoz, Erramu Trofeoan ez da Burunda klubeko talderik arituko. "Pena handia da, baina ez da talderik sortu". Mazkiaranek proba antolatzeko ardura utziko du. Hala jakinarazi dio Altsasu Kirol Elkarteari (A.K.E.). "Txirrindularitza gustuko dut eta horregatik antolatzen dut, baina 30 pertsona behar dira antolatzeko, eta ezin lotu nabil". Aurrerantzean laguntzeko prest dago, baina ez du ardura nahi. "Momentuz, festetako afizionatuen probarekin jarraituko dut".  Klubean erabakiak hartu beharko dira.