Sunsundeguiren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute

Guaixe 2025ko api. 10a, 11:09

Sunsudeguiko langileen kontzentrazioa azokan. ARTXIBOA

Sunsundeguiko Langileak Borrokanek eta Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak eta Sakanako Kontseilu Sozialistak ostiralean mobilizatzera deitu dute.

Sunsundeguiko konkurtsoko administratzaileak enpresa likidatzen hasiko dira astelehenean, azken uneko beste konponbiderik ez bada behintzat. Enpresaren etorkizunaren aldeko manifestazioa hartuko du Altsasuk ostiralean, 19:00etan. Hartan parte hartzera deitu dute Sunsundeguiko Langileak Borrokan-ek, Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak eta Sakanako Kontseilu Sozialistak.  "Garrantzitsua da langileok batu eta gure interesen alde antolatzea" adierazi dute. 

Hiru eragileek langileen egoerari erreparatu diote: Sunsundeguiko 349 langile kaleratuko dituztela eta enpresa hornitzaileetako 200 langilek "etorkizun zaila" izanen dutela azaldu dute, baita ia 400 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente egin direla ere. Lastailean espedientea indarrean sartu zenez geroztik "langileon egoerak asko egin du okerrera" adierazi dute.

Okerrera
"Duela urtebete Maria Chivite, Javier Ollo eta industria ministroa, besteak beste, Sunsundeguik izango zuen oparotasunaz ari zitzaizkigun. Orain, langileok lanik gabe eta, espedienteagatik, langabeziako laguntzak ere murriztu zaizkigu". Adierazi dutenez, "Murillo zuzendaria 100.000 euro baino gehiagoko kalte ordainarekin joan den bitartean, langileon kalte ordainendako dirurik ere ez dagoela esan dute. Beraz, kaleratzeagatik jaso beharko genituzkeen apurrak jasoko ditugun ere ez da ziurra. Hau da, langileon bizi baldintzak enpresarien irabazien kontura bermatu behar dira eta ez alderantziz".

Manifestatzera deitu duten hiru eragileak sindikatuen kontra ere egin dute: "nahiago izan dute kontziliazio papera izan borroka egitea baino. Horren adibide dira langileok egin ditugun proposamenak geldiaraztea eta enpresa zuzendaritzatik eta Nafarroako Gobernutik helarazitako itxaropen faltsuei men egin izana". Gaineratu dutenez, "UGTk hautu garbia egin du, zuzenean langileon miseriaren erruduna den enpresariarekin, Murillorekin, laguntasunean arituz".

Hiru eragileek adierazi dutenez, "Nafarroako Gobernua eta instituzioak ere errudun zuzenak dira azken hamarkadan inongo kontrolik gabe diru publikoz milioika euro enpresarien poltsikoetara bideratzeagatik, lanpostuak mantentzeko aitzakiarekin gainera". Haien iritziz, "agerian gelditu da langileon antolakuntza independente eta borrokarik ezean, ezer gutxi dagoela guretako itxaropen faltsuen ilusiorekin". Hori guztia salatzeko manifestazioan parte hartzera deitu dute.