Gimnasia erritmikoa

Kluben Arteko Liga, Altsasun

Guaixe 2025eko apirilaren 11

Apirilaren 13an, igandea, Kluben Arteko Gimnasia Erritmikoko Liga jokatuko da, Zelandin.

Apirilaren 13an, igandea, Kluben Arteko Gimnasia Erritmikoko Liga dago jokoan, 10:30etik aurrera, Zelandi kiroldegian. "Bereziki Iskizako eskolako txikienendako antolatzen dugun ekimena da, eurendako pizgarria izan dadin. Gabonetako eta ikasturte bukaerako erakustaldiez gain, ez dute ezer izaten, eta bi erakustaldiak nahiko eskas gelditzen dira. Horregatik, Aste Santua baino lehen Kluben Arteko Liga antolatzen hasi ginen. Gimnastek gogotsu hartzen dute. Aguraingo taldekoak etortzen dira, Olaztiko Sutegikoak, Iturmendiko taldea, eta Iskizako Arbizuko eta Altsasuko taldeak" azaldu du Agirrek. 

Partaidetza handia denez, bi bloketan banatzen dute erakustaldia, 10:30etatik 12:00etara lehena, eta 12:30etik aurrera bigarrena. "Eskolako gimnastek eta txapelketa taldekoek parte hartzen dute, guztiek. Aparatu guztiak ikusteko aukera izango da, eta banaka eta taldeka arituko dira gimnastak. Erakustaldia oso gogotsu hartzen dute".