Gimnasia erritmikoa

Iskiza Sakana, gelditu gabe

Maider Betelu Ganboa 2025ko api. 16a, 10:30

Altsasun jokatutako Nafarroako Banakako bigarren fasean lehiatu ziren Iskiza taldeko zenbait gimnasta, Olaia Agirre monitorearekin. ISKIZA

Altsasuk 141 gimnasta hartu zituen NKJ-en Banakako Txapelketako bigarren fasean. Aste Santuaren ondoren Taldekako Txapelketak hasiko dira

Altsasuko Zelandi kiroldegia txiki geratu zen apirilaren 5an, NKJ-etako Nafarroako Banakako Gimnasia Erritmikoko Txapelketako bigarren fasea jokatu baitzen. Nafarroako 22 klubek hartu zuten parte txapelketan, 141 gimnasta guztira, tartean Iskiza Sakanako hamaika gimnastek. Guztiek ikuskizun ederra eskaini zuten. "Oso txapelketa ona izan da, ikusteko polita. Oso pozik geratu gara, gustura. Satisfazio sentsazioarekin bukatu genuen, guztiagatik: txapelketa Altsasun jokatu zelako, gure gimnasten lagunak hurbildu zirelako, parte hartzen ez zuten Iskizako gimnastak ere animatzera gerturatu zirelako... Zelandi topera zegoen, oso polita izan zen" azaldu du Iskiza Sakanako arduradun eta irakasle Olaia Agirrek. 

Iskizako gimnastek lehen fasean aurkeztu zituzten ariketa berberak egin zituzten bigarren fasean, landuagoak. Eta helburua bete zuten: euren lana ongi defendatzea. Makina bat podium lortu zituzten, bai bigarren fasekoak, eta bi faseak batuta txapelketa orokorrekoak ere bai. "Gure gimnastek pila bat disfrutatu zuten, oso pozik atera ziren. Nahiz eta akatsen bat egin, gustura zeuden egindakoarekin. Eta eurak hala ikusita, gu oso lasai geratu ginen". 

Infantilen mailakoen aparatua mazak ziren, jubenilena zintak, eta bigarren mailako jubenilena uztaiak. "Txapelketan zehar aparatu guztiak ikusi ziren. Oso txapelketa polita izan zen ikusteko". Lehen fasean eta bigarren fasean egindako lanak batuta osatu da txapelketako sailkapen orokorra, eta gimnasta sakandarrak primeran aritu dira. 

Podiumak eta igoerak
Laugarren mailari dagokionez, infantilen 2013 kategorian Maddi Lorente bigarren eta Sofia de Sousa laugarren izan ziren. Sailkapen orokorrean, Maddi hirugarren sailkatu da, hirugarren mailara igoko da, eta Sofia laugarren. Infantilen 2012 kategorian Sarai Aldasoro lehen postuan sailkatu zen eta Oneka Etxarte bosgarren. Sailkapen orokorrean Saraik bigarren bukatu du, hirugarren mailara igoko da, eta Onekak bosgarren. Eta jubenilen 08-09 kategorian Nerea Palomino bigarren sailkatu zen, Mari Jose Zapirain bosgarren eta Haizea Perez seigarren. Sailkapen orokorrean Nerea hirugarren izan da eta hirugarren mailara igoko da, Mari Jose bosgarren eta Haizea seigarren. 

Hirugarren mailako kasuan, jubenilen 08-09 kategorian Ainhoa Marijuan lehena sailkatu zen Altsasun, eta sailkapen orokorrean seigarren bukatu du. Eta jubenilen 06-07 mailan, Beatriz de Sousa laugarren sailkatu zen Altsasun, eta sailkapen orokorrean hirugarrena izan da. 

Bigarren mailan, jubenilen 06-06 kategorian Naroa Diaz bigarren sailkatu zen, eta Nagore Erdozia hirugarren. Sailkapen orokorrean Naroa laugarren izan da, hirugarrenarekin berdinduta, eta Nagore bosgarren. 

Diaz eta Erdozia, Espainiakoan
Apirilaren 11n, Naroa Diezek eta Nagore Erdoziak Espainiako Banakako Txapelketan parte hartu zuten, Guadalajaran. Uztaiekin egingo zuten beren erakustaldia. Iskizako bi gimnastek Nafarroako Banakako Txapelketako lehen fasean lortu zuten Espainiako Txapelketara joateko txartela. 

Bestalde, Aste Santuko oporren ondoren Nafarroako Taldekako Txapelketaren txanda izango da. Txapelketa hau ere bi fasetan jokatuko da, eta Iskizako hiru taldek hartuko dute parte: kimuen talde batek eta infantilen mailako bi taldek.