Probak 101 km zituen, eta txirrindulariek bi aldiz egin behar izan zuten Zemagako bidegurutzerainoko buelta, ondoren Altamira hirutan igotzeko Altsasuko Kirol Elkarteak antolatutako junior mailako 66. Erramu Trofesoan. Hasieratik euriari eta hotzari egin behar izan zieten aurre txirrindulariek, ibilbidearen erdiraino, gutxi gorabehera.
Proba mugitua izan zen, eta hasieratik tropela apurtu egin zen. Tolosa / Danena taldeak goitik behera kontrolatu zuen lasterketa, eta Altamirako hirugarren eta azken igoeran salto egin zuten talde gipuzkoarrean dabiltzan bi txirrindulari sakandarrak, Ekain Imazek eta Luca Martinezek. Biak batera iritsi ziren helmugara, besotik helduta (2:10:52). Ekain Imaz altsasuarrak gurutzatu zuen lehenik helmuga, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen. Luca Martinez lakuntzarra bigarren sartu zen, denbora berean. Hirugarren Egoi Arenaza (Arabarrak) izan zen (2:11:20). Mendiko sailkapena Ekain Imazendako izan zen, eta tartekako helmugena Javier Monrealendako (Vizcay Hermanos). Talde onena Tolosa / Danena izan zen.
Aurten tropelean ez zegoen Burunda taldea, lehenengoz, ez Aralar kluba. Ekaitz Perez (Zu eta Biok) olaztiarra 35. sailkatu zen (2:11:58) eta Manex Huarte uharte arakildarra (Sumelec-Ermitagaña) 47. (2:12:29).
Emakumezkoetan, Goretti Sesma (Vipeq Team) izan zen lehena (2:11:58), Maite Urteagaren (Grupo Eulen-Nuuk) aurretik (2:12:25).
175 txirrindulari zeuden izena emanda, eta 138k hartu zuten irteera. Horietatik 61k osatu zuten proba. Ildo honetan, kritiko azaldu zen probako arduraduna, Felix Mazkiaran. “Izena ematea itxi behar izan zgenuen, 175 txirrindulari izena emanda zeudelako, eta jendea utzi behar izan genuen kanpo. Eta probaren egunean 138 txirrindulari agertu ziren. Serioagoak izan beharra dugu, jendea kanpoan geratu delako”. Kontentu zegoen lasterketa ongi atera zelako, eta eskerrak eman zizkien boluntarioei. Ildo honetan, jendearen konpromisoa beharrezkoa dela nabarmendu zuen, “jendea ez badago lasterketak kolokan daudelako”.