Errepublika goratu dute

Guaixe 2025ko api. 14a, 13:01

Errepublikaren eguna dela eta elkartu direnetako batzuk.

Zerbitzu publikoak eta emakumezkoen egoera hobetzea aldarrikatu dituzte besteak beste. Eta nazioarteko politikan aldaketak egitea ere bai. 

Espainian II. Errepublika ezarri zela 94 bete diren egunean, hainbat altsasuarrek bat egin dute Soldadu Langile Batailoietan ibili ziren omenezko oroigarriaren ondoan. Beharrezko baimena eskatuta ez zegoenez, argazkirako elkartu dira.

Deitzaileek ondoren nabarmendu dutenez, Errepublikak iraun zuen bitartean "aurrerabidea, lana eta justizia soziala ekarri zizkien espainiarrei". Aldi berean, gogorarazi dute "Franco Generalak zuzendutako indar nazionalek estatu kolpea eman eta Errepublikarekin bukatu zutela 1936an. 1975era arte iraun zuen diktadura ezarri zuten". 

Egungo egoeraren irakurketa
Palestina eta Ukrainako gerra egoerak gogora ekarri dituzte. Aldi berean, Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump "askatasuna murrizten ari da, administrazioko milaka langile kaleratu ditu, migratzaileak deportatu ditu". Azpimarratu dutenez, "Putin, Netanyahu eta Trump munduko enperadore izendatu dituzte beraien buruak. Europar Batasunak, NATOk, Nazioarteko Zigor Epaitegiak eta Nazio Batuen Erakundeak beste aldera begiratzen badute, ameslari eta multimilioidun harroputz horiek suntsituko dute". Nabarmendu dutenez, "begirada guztiak gobernatzaile txarrengan jarriak daude. Nazio demokratiko guztiak izan beharko dugu atzera eginarazi eta negoziarazi beharko ditugunak".  

Aldi berean, Atzerritarren Legea, Kanariar Irletako barneratze zentroetan dauden 6.000 adin txikikoak gogoan izan dituzte. "Emakumezko eta gizonezkoen arteko soldata arrakala, eta emakumezkoak zuzendaritza postuetan duten portzentaje txikia" salatu dituzte, horregatik, "berdintasunean aurrera egin behar" dela aldarrikatu dute. Azkenik, Europako eta Espainiako Defentsa eta Segurtasun politikei erreparatu diete. "militarizazio eta gastu handitzea eraginen dituen erronka handia da. Espero dezagun gastu sozialaren eta zerbitzu publikoen bizkar ez izatea". 

Argazkia egin ondoren azaroaren 22an hil zen Aurelio Lucas Andrades kide eta kamarada izan dute gogoan. "Egun hau harro ospatzen zuen, etorkizun hurbilean Espainian III. Errepublika ezagutuko duguna esperantzarekin".