Udalak emakumezkoei zuzendutako tailerrak antolatu ditu

Guaixe 2025eko apirilaren 16a

Emakumezkoak udaletxe parean. ARTXIBOA

Lau dira eta dohainik dira. 

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eta Altsasuko Udalak emakumezkoei zuzendutako lau tailer antolatu dituzte. Laurak ere hastapen tailerrak dira, beraz, ez da beharrezkoa kirolaria izatea informazioa emateko. Interesa duenak, gehienez ere bi tailerretan eman dezake izena. Tailerrak Zelandiko erabilera anitzeko aretoan egingo dira. Izena emateko epea maiatzaren 15a arte dago zabalik. Horretarako, 948 012 012 telefono zenbakira hots egin behar da, 08:00etik 18:00etara. 

Eskaintza osatzen duen tailerretako bat ibilaldi nordikoko tailerra da. Makilez lagunduta ibiltzeko. Halako makilarik ez duenari antolatzaileek utzi eginen dizkiote. Bigarren tailerra defentsarako tailerra da, nork bere burua defendatzen ikasteko. Indar tailerrean izena ematen dutenek indar ariketak egiten ikasi eta haien onurak ezagutuko dituzte. Eta, azkenik, zoru pelbikoaren eta gorputz jarreren tailerra da. Hartan ariketa abdominal hipopresiboek eta beste teknika batzuk erakutsiko dituzte, zoru pelbikoa eta sabelaren giharra indartzeko helburuz. Arnasa-apnearen bitartez lantzen den teknika da. Adin guztietako emakumeendako komenigarriak dira ariketak, bereziki kirolariendako, umetokia eta maskuria eroria dutenendako, erditu berri direnendako eta pixa-galerak dituztenendako.