Mutilen bigarren maila autonomikoan, CBASK Narum Fisioterapiak bigarren faseari ekin dio, 1 eta 8 postuen arteko ligaxkari, hain zuzen ere. 1-8 postuen arteko sailkapen faseko bigaren jardunaldian CBASK Narum Fisioterapiak CB Noain taldearen kontrako itzulera partida jokatu zuen Noainen. Joanekoan 10 punturen aldearekin galdu zuten altsasuarrek, eta itzuliko partidan, nahiz eta ikaragarri jokatu, 88-83 galdu zuten Noainen kontra, 3 punturen aldearekin. Hortaz, Noainek egin du aurrera ligako tituluko play-offetarako.
Gauzak horrela, eta lehen lau postuetako play-offetatik kanpo geratu ondoren, ligako bosgarren eta seigarren postuetarako borrokatuko du CBASK Narum Fisioterapia taldeak. Talde altsasuarrak Bar Soto Gazte Berriak taldea hartuko du maiatzaren 10ean, 17:50ean Zelandi kiroldegian jokatuko den partidan.
Neskak, bukaera fasean
Nesken lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak final laurdenetako bukaerako fasean San Ignacio du aurkari. Joaneko partida apirilaren 11n jokatu zuten, Zelandin. Oso txukun jokatu zuten altsasuarrek, baina San Ignaciok aurrea hartu, eta, azkenean, 5 puntuko aldearengatik irabazi zioten talde altsasuarrari, 55-60.
Beraz, bi taldeek apirilaren 27an 18:00etan Larraona kiroldegian jokatuko duten itzuliko partidan gutxienez 6 tantoko aldearengatik irabaztea beharko du CBASK-ek play-offetan sailkatzeko. Ea altsasuarrek ongi jokatu eta zortea alde duten.