Sunsundeguiri buruzko Parlamentuko agerraldian ezkortasun giroa

Guaixe 2025eko apirilaren 16a

Sunsundeguiko langileak Nafarroako Parlamentuaren parean itxieraren kontrako pankartarekin. ARTXIBOA

Kontseilariak azalpenak eman zituen. Gaur gobernuko ordezkariak Sakanan izanen dira.

Mikel Irujo Ametzaga Industrao  kontseilariak Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordean agerraldia egin zuen atzo. Esan zuenez, aukera egon liteke Sunsundeguiren jardunari jarraipena emanen liokeen inbertitzaile bat egon liteke. Baina, beti ere, likidazio prozesua bukatu ondoren sartuko litzatekeela adierazi zuen. 

Irujok azaldu zuenez, hamasei inbertitzailek azaldu dute interesa Altsasuko autobusak karrozatzeko enpresan. Lehen bileren ondoren hamarrek akordioa sinatu zuten Sodenarekin informazioa jasotzeko, bi beraien nahia azalduz gutuna bidali zuten. Lau enpresa Sodenarekin bilera egin zuten eta hiruk fabrika bisitatu zuten. Antza, benetako interesa Dumarey enpresa talde belgikarra izan zen. Baina atzera egin zuen martxoaren 28an. 

baina guztiek "operazioa bideragarri jotzen zuten zorrik ez balego". Gaur egun 50,5 milioi eurokoa da. Baldintza hori likidazio prozesua despeditu ondoren beteko da. Irujok azaldu zuenez, "gaur egun soldata guztiak ordainduta daude, alde horretatik ez dago zorrik, konkurtsoko administrazioak langileen soldaten ordainketari lehentasuna eman ziotelako”. Kontseilariak adierazi zuenez, "proiektuan sinisten genuen eta haren alde eginen dugu azken minutura arte, beti egin dugun bezala". 

Iritziak
Parlamentuko batzordean UPNko Javier Esparzak adierazi zuenez, "Sakanarako ezinbesteko enpresa proiektua da". Bere harridura agertu du 2023an Sunsundeguik "etorkizun oparoa eta ilusionagarria" zuelako, baina sei hilabeteren buruan Volvorekin zuen kontratua deuseztatzen da eta sei hilabete geroago hartzekodunen konkurtsoa dagoelako.

PSNko Javier Lekunberrik azpimarratu zuenez, Volvorekin sinatutako kontratua "oso fase gogorra igaro duen merkatuaren barruan itxaropena zen", eta Altsasun "proiektua mantentzeko aukera aztertzea merezi” duela adierazi zuen. 

Laura Aznal EH Bilduko bozeramailearen ustez, Volvorekin sinatutako kontratuari dagokionez, Sunsundeguik "tren horri ihes egiten utzi zion", eta zentzu horretan, gaineratu zuenez, "enpresaren kudeaketan dauden hutsuneak historikoak dira". Eta administrazio-kontseiluaren aldaketa "beranduegi egin zen". Aldi berean, Aznalek inbertitzaile batzuen jardunaz ohartarazi zuen: "oso egoera delikatuan dauden enpresez baliatzen dira”. Aznalek gaineratu zuenez, "ez da ezer bukatutzat eman behar, etorkizunera begiratu behar da”. 

Geroa Bairen izenean, Mikel Asiainek adierazi zuen ez dagoela "errudun bakarra" eta ez dagoela "argudio bakarra, arrazoi bakarra" Sunsundeguin gertatu denaren inguruan, baizik eta "faktore anitzeko kausengatik". Asiainek "enpresa gaizki saltzearen kontra” egin zuen.

PPko Maribel Garcia Malo parlamentariak baieztatu zuenez, "enpresaren itxierak gero eta berehalakoagoa dirudi", eta prozesu horri buruzko informazio zehatzagoa emateko eskatu zion kontseilariari, "Nafarroako gizarteak hori jakitea merezi duelako, eta, batez ere, Sunsundeguiko langileek eta haien familiek". PP tematuta dago Sunsundeguik eta Volvok sinatutako akordioa publiko egiteko. Baina Volvok ez du horrelakorik nahi. 

Zurekineko Miguel Garridok esan zuenez, "dagoeneko muturreko egoera" dela, likidazio-prozesua hasi delako eta "kezkatuta" dagoela enpresa ixtearekin. Hala ere, Sunsundegui dagokionez, "oraindik garaitua sentitzeko eguna" ez dela ziurtatu zuen.

Vox alderdiko Emilio Jimenezek adierazi zuenez, "egun tristea da hau", eta "politikari gisa, erantzukizuna ere badugu". Jimenezen iritziz, "zerbait egin izan balitz, proaktiboagoa izan balitz eta aurrea hartu izan baligu, familiek ez lukete arazo larri hau izango".

336 
Horiek dira gaur egun Sunsundeguik dituen langileak. 55 langilek beraien borondatez utzi dute enpresa. Aldi baterako erregulazio espedientea apirilaren 30ean bukatuko da, eta egun berean enpresaren likidazioa.