Txirrindulariak

Iker Gomez, Zunzarren Memoriala irabaztetik, selekzioarekin Asturiasko Itzulia jokatzera

Guaixe 2025eko apirilaren 28a

Iker Gomez, Lizarran, denboraldiko bigarren garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Apirilaren 21ean Afizionatuen bigarren garaipena lortu zuen altsasuarrak Lizarran, eta apirilaren 24tik 27raprofesional mailako Asturiasko Itzulian lehiatu zen, selekzioarekin

Apirilaren 21ean XLVII. Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, afizionatuen mailako lasterketa. Finisher Kern Pharma taldeak sekulako erakustaldia eman zuen. Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak irabazi zuen lasterketa, helmugara bakarrik helduta (3:21:17) eta 24 segundo atera zizkien Gorka Corresi (Rural Kutxa-Alea) eta bere taldekide Unai Ramosi. Kern Pharmak irabazi zuen taldekako sailkapena. 

Iker Gomezek, beraz, denboraldiko bere bigarren garaipena lortu zuen, otsailaren 15ean Memorial Manuel Sanroman lortutakoaren atzetik. Horretaz gain, Espainiako 23 urtez azpiko selekzioak deitu zuen, apirilaren 24tik 27ra jokatutako profesional mailako Asturiasko Itzulian parte hartzeko. Lehen etapan 75. postuan sailkatu zen altsasuarra, bigarrenean 34., hirugarrenean 64. eta laugarrenean 39., sailkapen orokorrean 52. postuan sailkatuz. Bere lehen proba profesionalerako, ikusgarria.