Erregional mailako 30. jardunaldiak bi talde sakandarren arteko derbia ekarri zuen. Altsasu liderrak apirilaren 17an Nafarroako Futbol Federazioko kopa irabaztetik zetorren Etxarri Aranatz hartu zuen Dantzalekun. Talde bakoitzak bere helburua zuen: Altsasurena hiru puntuak lortzea zen, ligan galdu gabe jarraitzeko eta liga garaipena lortzeko; eta, Etxarri Aranatzena, Altsasu liderra lehen aldiz irabazten zuen taldea izatea.
Altsasu, ligako txapelduna
Bi taldeek lehia borrokatua eskaini zuten, baina Altsasu hasieratik hasi zen gailentzen. Gorka Martinezek 6. minuturako Altsasu aurreratu zuen, eta 24. minutuan iritsi zen Imanol Loboren gola. Atsedenaldira 2-0 Altsasu aurreratuta iritsi zen. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak. Hasi eta berehala Asier San Romanek Altsasuren hirugarrena sartu zuen, eta 3 minutu beranduago San Roman berak gorrien laugarren gola sartu zuen. Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren bosgarrena egin zuen, eta Etxarri Aranatzek markagailua mustutzea lortu zuen Aritz Aristorenak 78. minutuan sartutako golarekin. 5-1 irabazita, garaipen sendoa lortu zuen Altsasuk, eta liga despeditzeko lau jardunaldiren faltan, erregionaleko laugarren multzoko liga irabazi du Altsasuk.
Lagun Arteak, bere aldetik, Amaya taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Bi taldeak nor baino nor hasi ziren, baina ordu erdira Iker Anduezak Amayaren atea zulatu zuen, eta 5 minutura jokalari lakuntzarrak bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldira 2-0ko garaipenarekin joan ziren lakuntzarrak. Bigarren zatian bizi-bizi segitu zuen partidak. Asier Artasok Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, baina Amayak ez zuen etsi eta 3-2 hurbildu zen 3 minutuko tartean. Lagun Arteak ez zituen 3 puntuak ihes egiten utzi nahi izan, eta partida bukatzear zela, 89. minutuan, Jon Arraizak laugarren gola sartu zuen, garaipena lotuta utzi zuena. 4-2, garaipen ederra Zelai Berrin.
Datorrena
Altsasu da erregional mailako liderra eta ligako txapelduna, partidarik galdu gabe (86 puntu). Bigarrena San Jorge da (74 puntu), eta hirugarren Etxarri Aranatz (70 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (49 puntu).
Erregional mailako laugarren multzoko 31. jardunaldian Altsasuk Iruñean jokatuko du, sailkapenean azken aurrekoa den Alde Zaharreko Klubaren kontra, maiatzaren 4an, Amayan. Etxarri Aranatzek maiatzaren 3an, larunbata, sailkapenean hamahirugarren den Universidad de Navarra B taldea hartuko du San Donato futbol zelaian, 17:00etan. Azkenik, Lagun Arteak Iruñean jokatuko du maiatzaren 5ean, astelehena, 20:00etan, sailkapenean bigarren den San Jorgeren kontra, Sanduzelain.