"Oso berezia da niretako Altsasun solasaldia egitea, bertan Altsasu telesaila egin bainuen". Asier Urbieta zinemagilea maiatzaren 1ean, osteguna, 19:30ean, Iortia kultur gunean izanen da haren azken lana aurkezten: Faisaien irla. Emanaldiaren ondoren filmak lantzen duen gaiaren inguruan solasaldia emanen du Urbietak: Bidasoa bizitzen ari den emergentzia humanitarioa. Faisaien irla munduko domeinurik txikiena da; urtearen erdia espainiar estatuarena da eta beste erdia frantziar estatuarena. Bidasoa ibaiaren erdian dago. Filmean Laida eta Sambou uhartearen parean paseatzen ari direla bi pertsona ikusten dituzte igerian zeharkatzen, beste aldera iristen saiatzeko. Egun batzuk geroago gorpu bat agertuko da uhartearen subiranotasun trukean.
Maiatzaren 4an eta 5ean, igandea eta astelehena, 19:30ean eta 19:00etan, Faisaien irla filmaren emanaldiak izanen dira ere.