Gaur egun Santo Kristo Barren, Amandrea, Soldaubide, Ualdera eta Lapurbide kaleetako euri urak saneamenduko sarera isurtzen dira. Horrek arazoak sortzen ditu. Batetik, euri jasa handiak izan diren aldietan gabeziak izan dira, izan ere, saneamendu sareak ez du gaitasunik hainbeste ur hartzeko. Ondorioz, urbanizazioaren hegoaldean uholdeak eragiten ditu. Bestetik, euri ura saneamendu sarean sartuta, guztiak Urdiainen dagoen araztegian bukatzen du. Horrek eragin zuzena du araztegiaren funtzionamenduan, eta areagotu egiten ditu tratamendu-kostuak.
Horregatik, Altsasuko Udalak erabaki du euri uren kolektore bat eraikitzea, isurketa horiek Burunda ibaira bideratzeko, saneamendu-saretik pasa gabe. Kolektorea urbanizazioaren punturik baxuenean, hegoaldean eraikiko da, Soldaubide kalearen akaberan zehazki. Handik ubelderaino ehunen bat metro daude, baina kalearen eta ibaiaren arteko desnibela hamahiru bat metrokoa da. Eta bien artean trenbidea dago. Beraz, sektoreko euri urak jasoko dituen kolektorea eginen da Soldaubide kalearen bukaeran. Handik hura lurpeko hodi bidez bideratuko da ibairaino. Desnibela saihesteko hodia bost zati izanen ditu eta tartean bost putzu bertikal izanen dira, haietako bi trenbidearen bi aldetan izanen dira.
Obra Lakita enpresa egiten ari da. Lanak 274.299,74 euroko aurrekontua du. Hura finantzatzeko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren zuzeneko diru partida bat du. Hori Geroa Bairen talde parlamentarioak 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa baten ondorioz.