Astekaria

"Nire ilusioa azoketan parte hartzea da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 7a, 13:20

Susana Santano Diaz berak egindako kakorratz lanekin.

Maiatzaren 4an Altsasuko maiatzeko Artisau Azoka izan zen, Foru plazan, eta bertan izan zen Susana Santano Diaz. Kakorratzarekin zaletasun bat bezala hasi zen, eta orain bere ogibidea da.

Artisau Azoka "egun oso berezia" dela esan du.

1. Noiz hasi zinen kakorratza egiten?
Ama kakorratza egiten betidanik ikusi izan dut egiten, eta txikitatik banekien. Baina ikasketak, lana eta haurrekin utzita neukan. Duela hiru urte lasaitzeko zerbait behar nuen, burua ihes egiteko, eta gerriko poltsa bat egiteko tutoriala ikusi nuen, eta hasi nintzen. Biziatzen hasi nintzen eta diademak egiten hasi nintzen, eta hauek saltzen. Pixkanaka. 

2. Nolakoak izan ziren hasierak? 
Instagramen egiten nuena erakusten hasi nintzen. Kontu pertsonala nuen, eta egiten nuena erakusten nuen. Lagun batek esan zidan diadema bat erosiko zidala eta esan nion egingo niola, baina oparituko niola eta berak ezetz, ordainduko zidala, eta nire lana gehiago erakutsi behar nuela. Horrela, pixkanaka hasi nintzen. Handik gutxira Altsasuko Maiatzeko Artisau Azokan parte hartzeko deitu zidatela. Mugarri izan zen; jendeak nire lana ikusi zuen, eta gustatzen zaiola ikusi nuen. 

3. Zein teknika erabiltzen duzu? 
Nik gehienbat algodoi haria erabiltzen dut testura gustatzen zaidalako eta naturalagoa delako. Orratz batekin egiten da, oinarrizko puntuekin hasten zara eta hortik poltsak, forma desberdinetako diruzoroak, giltzatakoak, amigurumi panpinak eta abar sor daitezke; adibidez, kinto neska, momotxorroa, Mari Domingi eta Olentzero eta abar egin ditut. Gauza pertsonalizatuak ere egiten ditut. 

4. Nola ikasi duzu? 
Guztiz autodidakta. Oinarria nuenez errazagoa izan da. Zerotik hastea konplikatuagoa da. Tutorialak jarraituz konturatu nintzen gauzak alda nezakeela, eta nire kabuz sortzen hasi nintzen. 

5. Nolakoa izan zen lehenengo Artisau Azoka? 
Azokako batzordeko neska bat nirekin kontaktuan jarri zen. Ez da saltzeko azoka bat, interesgarriena da erakustea artisau produktua anola lantzen den. Pozaren pozez harut nuen. 

6. Azoka gehiagotan parte hartu duzu? 
Bateren batean parte hartu dut; aurreko urteko Artisau Azokan ere. Gauza da feria askotan parte hartzeko autonomoetan izena emanda egotea eskatzen dutela, eta urrats hori eman dudan arte ez dut azoka gehiagotan parte hartzea pentsatu. Aurten bai aurreikusten dut: Arbizuko Txistor Eguna, ahal dela, Altsasuko urriko feriak, Olaztiko San Migel azoka irailean... Nire ilusioa orain azoketan parte hartzea da; asko gustatzen zaizkit. 

7. Zergatik?
Berez ez naiz pertsona oso soziala, baina kakorratza egiten duzunean eta gustatzen zaizkizun gauzak egiten dituzunean, jendeari ere gustatzea nahi duzu. Egun horretan jendea oso jatorra da eta feedback ematen dizute. Subidoiarekin amaitzen duzu eguna. Oso egun berezia da. Gainera, jendeak ikusten du kakorratza eta laboreak ez direla bakarrik emakume nagusiendako; estereotipoa da etxetik ateratzen ez den etxeko andre batena, eta nik uste ideia hori aldendu behar dugula, ez duelako errealitatearekin zerikusirik. Orain nire ogibidea da, baina lehen zaletasun bat zen.

8. Zer espero duzu igandeko azokaz? 
Urduritasunarekin itxoiten dut, beti bezala, eta hori hirugarren urtea dela. Lehenengo urtean, hasieran, oso gaizki pasa nuen; aurreko urtean pixka bat hobe. Urduri nago egun oso berezia delako, eta ez dakizu zer nolako erantzuna izango duzun. Maiatzaren 18an Dinagu Azokan egongo naiz ere, Altsasun. 

9. Noiz erabaki zenuen ogibidea bihurtzea? 
Azken bultzada azoken kontua izan zen. Aurrera egin nahi baduzu legalki gauzak ongi egin behar dira. Egia esan, erraztasunak badira. Cedernako Oskiarekin egon nintzn eta aholkularitza zerbitzua ona izan zen. Gaizki ateratzen bada, ez da ezer gertatzen; behintzat saiatu naiz. Enprendimendua errusiar mendi bat bezala da; behean nagoenean ez dudala ezer galtzen pentsatzen dut, baina ezin naizela gogoarekin gelditu. Ikasi nuen eta lan egin dut, baina inoiz ez dut sentsazio hau izan. Beteta sentitzen naiz.

10. Zertan nabarmentzen da zure lana?
Tailerrak ere ematen ditut, eta esaten didate koloreak oso ongi erabitzen ditudala; oso polita egiten dudala. Pastel koloreak erabiltzen ditut, eta ikasleek hori nabarmentzen dute. 

11. Nolakoak dira tailerrak? 
Bi talde ditut hamahiru eta hamalau pertsonakoak, eta adin guztietako pertsonak parte hartzen dute; 11 urtetatik 70 urtera. Deskonektatzen dutela esaten dute, eta etxean egiten jarraitzen dute. Bi ordu horietan lasai eta zoriontsu daudela esaten dute.