Saskibaloia

CBASK, Lauko Finalera!

Guaixe 2025ko mai. 7a, 12:00

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldekoak, Lauko Finalera sailkatzea ospatzen. CBASK

Altsasuko Saskibaloi Klubeko emakumeen lehen senior mailako taldea, San Ignacioren kontrako final laurdenean markagailua iraulita, iritsi da ligako tituluaren final handira

Emakumeen lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak balentria ederra lortu du. Bukaera faseko final laurdenetan, San Ignacioren kontrako joaneko partidan 55-60 galdu zuten altsasuarrek etxean, baina apirilaren 27an jokatutako itzuliko partidan 61-72 gailendu zirenez, markagailua irauli ligako titulua erabakitzeko Lauko Finalera sailkatu dira. 

Final laurdenetako itzuliko partida oso estua eta borrokatua izan zen. San Ignaciok eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak sei aldiz berdindu zuten, baina bukaera aldera altsasuarrak aldea ateratzen hasi ziren, eta, emozio handiz, 11 punturen aldearekin irabaztea lortu zuten. Edurne Ormazabalek 23 puntu lortu zituen. Joaneko partidan zuten 5 tantoko galera kontuan hartuta, bi emaitzak kontuan hartuz 6 tantoren aldearekin iritsi dira titulua erabakiko den Lauko Finalera. Lauko Finala maiatzaren 10ean eta 11n jokatuko da, Larrabiden, eta finalerdietan Larraona Claret du aurkari CBASK-ek.

Gizonen bigarren autonomikoan, bosgarren postua jokoan
Gizonen bigarren maila autonomikoan jokatzen duen CBASK Narum fisioterapia taldeak ez zuen Lauko Finalerako jokatzeko txartela lortu. Orain, altsasuarren erronka bosgarren edo seigarren postuan sailkatzea da, eta horretarako Bar Soto Gazte Berriak taldearekin borrokatuko dute. Partida maiatzaren 10ean jokatuko da, 17:50ean, Altsasuko Zelandi kiroldegian.