Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Iratxoren lekukoa hartu du, maiatzaren 10ean, 7:00etan Burunda pilotalekutik abiatuko baita XVI. Hiru Mendizerrak mendi martxa ez lehiakorra. Izena ematea zabalik dago maiatzaren 4ra arte Zirkuitua webgunean.
Antolakuntzak goitik behera aldatu ditu orain arte egiten ziren ibilbideak. Aurten bi ibilbide izango dira, 45 km-ko Ibilbide Luzea, eta 24,4 km-ko Ibilbide Motza. Martxa luzea Nafarroako eta Euskadiko Mendi Federazioetako ibilbide luzeetako zirkuituan jasota dago.
Luzeak Urdiainera joko du, bertatik Santa Marinara eta Hiruhaitzetara heltzeko. Segidan, Baiza, Iruelorrieta, San Adrian eta Lizarragako Portura helduko da, eta gero buelta hartuko du, Bakaikuko hornidura gunera heltzeko. Handik, Izkibilera joko du, Bernoara, Intxusburura, eta Sorozarretatik Altsasura iritsiko da. Ibilbide Motzak Santa Marina eta Hiruhaitzetara joko du eta bertatik Bakaikura jaitsiko da, Izkibiletik Sarabeko haitzara heldu, eta Urdiaingo igerilekuetatik eta San Pedrotik Altsasura iristeko.