Bukatu da lehen maila autonomikoko liga. Bi talde sakandarrak izan dira ligako jaun eta jabeak. Arbizu Kirol Taldea izan zen liderra jardunaldi askotan, Altsasu gertu zuela, baina bi taldeen arteko derbian Altsasu garaitu zen, lider jarri, eta azken jardunaldira arte lidergoari eutsi dio.
Azken jardunaldian Altsasuk Cascanteko Cantera taldea hartu zuen Zelandin. Altsasuarrek hasieratik kontrolatu zuten partida eta gol festa ederra ospatu zuten zaleen aurrean, 9-2 gailendu baitziren, Xabier Aiestaran (4), Jonathan Medina, Aritz Sevilla, Jon Lopez de Goikoetxea, Mikel Ruiz eta Gaizka Martini esker. Txapeldunek gustura ospatu zuten garaipena eta txapelketa irabazi izana.
Arbizu Kirol Taldeak, bere aldetik, Tafallan jokatu zuen, Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra. Julen Mayok Arbizu aurreratu zuen, baina Tafak bana berdindu zuen berehala. Atzera ere Arbizu aurreratu zen, 1-2, Beñat Jakari esker, baina berriro ere berdindu zuen Tafak. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina bukaera aldera Arbizu nagusitu zen. Urtzi Nazabalek hiru gol sartu zituen segidan, eta 2-5 gailendu zen Arbizu.
Lehen maila autonomikoan Altsasu txapeldunak 60 puntu lortu ditu eta Arbizu bigarrenak 58 puntu. Biek hirugarren mailara igotzea lortu dute.