Maiatzaren 3arekin, larunbatarekin, hasi dira ezkila errepikak Altsasun. Eguerdian hogei bat minutuko ezkila errepika jo zuten Felix Martinez Mazkiaranek, Belen Rubio Urizarrek, Jesus Bengoetxea Azpirozek eta Asier Beramendi Gallok. Irailaren 14ra arte egunero joko dituzte ezkilak, eta horretan lagun izanen dituzte Iñaki Bengoetxea, Jesus Irisarri, Jon Kepa Everts eta Enrike Zelaia.
Ezkila errepikak atzeratu egin zuen plazan bertan antolatutako eLe festa, edo mintzodromoa. Ekain Alegre Gil eta Idoia Granizo Uribarrenabertsolariek jarritako gaien inguruan hizketatu ziren bildutakoak. Bitartean erraldoi konpartsak bere bideak Foru plazarantz bideratu zituen herrian barna egindako kalejiran. Bazkari ugari izan ziren elkarte eta tabernetan. Gazte Asanbladak antolatutakoak 250 gazte elkartu zituen Zelandiko frontoian. Domekan artisau azokarekin batera, Lagun Onak elkartearen hamabietakoa izan zen. Euriak bazkal garaian egin zuen presentzia eta, horregatik, Haize Berriak bandaren kontzertua Burunda frontoian izan zen.