Txirrindularitza

Iker Mintegi, Turkiako Itzulian ederki

Guaixe 2025eko maiatzaren 5a

Iker Mintegi, Turkiako Itzulian. @SPORT_CYCLING

Euskaltel Euskadiko altsasuarra hamalaugarren izan da 

Apirilaren 27an hasi eta maiatzaren 4an despeditu zen Turkiako Itzulia, eta bertan parte hartu du Euskaltel-Euskadiko Iker Mintegi Claver altsasuarrak. Euskaltel-Euskadi taldeak aitortu duenez, “zapore gazi-gozoarekin” despeditu dute lasterketa luzea. 

Lehenengo lau etapetan maila bikaina erakutsi zuen Euskaltel-Euskadik, Jon Aberasturik laugarren bi postu lortu zituen eta etapa nagusian hiru txirrindulari Top20an sartu ziren, tartean Iker Mintegi, “baina bosgarren etapa bertan behera utzi eta gero, maiatzaren 2ko mendiko etapan 45 km-ren faltan abanikoengatik talde ia osoa atzean geratu zen, Iker Mintegi altsasuarra izan ezik. Nahiz eta Agirrek eta Bizkarrak bukaeran igoera ona egin, sailkapen orokorrean aukerarik gabe geratu ziren”. 

Azken bi etapetan protagonista izaten saiatu zen eskuadra laranja, esprintetan eta ihesaldietan saiatuz. Azkenean, Wouter Poelsek (Astana) irabazitako Turkiako Itzulian Iker Mintegi izan da Euskaltel-Euskadiko onena, hamalaugarren, bere lankide Jon Agirre hamabosgarren eta Mikel Bizkarra hogeigarren.