Urak gainezka egin zuen Altsasun

Guaixe 2025eko maiatzaren 5a

Emakumezkoa etxean ura ez sartzeko ahalegin betean. UTZITAKOA

Iruñeko etorbidea eta Beheko bentako bidegurutzea urpean.

Urbasatik, Sakanako Autobiaren (A-15) irteera ondotik, jaisten den errekak emari handiarekin jaisten zen domeka arratsaldean. NA-2410 errepidearen azpitik sartu eta kanalizatuta lurpetik ibairaino doa. Lurperatzen den puntu horretan hesia dago, adarrak eta bestelakoak ez sartzeko kanalizazioan. Hura zaborrez estali zen eta ura aipatu errepidera atera zen eta lehen zatian bi errailak hartu zituen eta ondoren bakarra. 

Aldi berean, Altsasun botatako euriak Gartzia Ximenez kaletik behera egin zuen. Tren geralekutik beherako zatia, Nafarroako Gobernuaren errepidea da, eta han euri uren hodiak Gartzia Ximenez kalean baino sekzio txikiagoa du. Beraz, hodiak gainezka egin, tapak mugitu eta handik errepidera atera zen. Beheko bentako bidegurutzean dagoen estolda zikinkeriaz bete zen eta horrek bidegurutzean ur baltsa handia eragin zuen. Altsasuar batek kendu zuen zikinkeria eta ur maila jaitsi zen.