Elkar zainduz, elkar indartuz

Miren Mintegi Claver 2025eko maiatzaren 14a

Elkar zaintzen duten emakumeak programako parte hartzaileen eskuak. MIREN MINTEGI CLAVER

'Elkar zaintzen duten emakumeak' programaren bigarren edizioa martxan da. Alderdi fisiko eta emozionalean zentratuz, emakumeen ongizatea hobetzea helburu duen egitasmoa.

Pasa den apirilaren 2an eman zitzaion hasiera Elkar zaintzen duten emakumeak programaren bigarren edizioari. Pasa den urtean, 2024an, izan zen egitasmoaren lehen edizioa, eta aurten, berriz ere, aurrera atera da. Altsasuko Udala, Altsasu, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzua izan dira proiektu horren sorkuntzaz zein antolakuntzaz arduratu direnak. Programak hamabi asteko iraupena du, apirilaren 2an hasi zen eta ekainaren 19an amaituko da.

Helburu nagusi batekin sortu zen programa hau: Altsasuko emakumeen ongizatea bermatzea eta hobetzea, alderdi emozional zein fisikoan zentratuz. Jarduera fisikoari dagokionez, arduraduna Maalen Beraza Etxarri, Ataboko kirol hezitzailea da. Eta, alderdi emozionalari dagokionez, Ana Beaumont Hernandez psikologoarekin egiten dituzte saioak. Horietaz aparte, Anitzartean zerbitzuko Kulturarteko bitartekari bat ere badago, egiten dituzten saioetan laguntzeko, Rabab Riden itzultzailea.

Pasa den urtean, bi talde atera ziren, talde bakoitza hamabi emakumek osatuta. Aurten berriz,hemezortzi emakumez osaturiko talde bakarra. Programan parte hartzen duten horien artean, Aicha, Drifa, Fatima, Fatima, Naima eta Nora daude, emakume magrebtarrak denak.

Egitasmoaren bigarren edizioa da aurtengoa eta baita Drifa, Fatima, Fatima, Naima eta Norak parte hartzen duten bigarren urtea ere. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Bego Zestau Baraibarren bidez ezagutu zuten programa. Emakumeek kirola egiteko beharra ikusten zuten eta, beraz, eskakizuna egin zuten. Fatimak adierazi duenez, "guk eskatu genion Begori ea posible izango litzatekeen horrelako zerbait egitea". Kirola egiteko behar eta nahia zutela azpimarratu du Fatimak, gainera.

"Indartsu eta osasuntsuagoa sentitzen naiz"
Maalen Beraza irakasleak antolatzen dituen kirol saioei dagokienez, astean bi ordu biltzen dira eta bertan "ariketak, jolasak eta entrenamenduak" egiten dituzte. Norak, gainera, kirolaren beharra ikusten zuen bere "osasuna hobetzeko eta gorputza indartzeko". Gorputzak aktibo mantentzea eta aurretik ekar zezaketen min edo nekeak atzean utzi ahal izatea dira haien helburuak, besteak beste. Tentsioak askatzea eta gorputzak lasaitzea. "Programa hasi nuenetik, kirolaren onurak eta emaitzak asko nabaritu ditut nire gorputzean". Aichak bere gorputza "askoz indartsu eta osasuntsuagoa" sentitzen du.

Programa osoan zehar, Rabab Riden, Anitzartean zerbitzuko kulturarteko itzultzailea dago. Eta bera noizbehinka kirol saioetara joaten da. "Aurrerapen handiak" ikusten ditu emakume guztiengan. "Lehen egunetan bertaratu nintzen lehen aldiz, gero, hamar egun beranduago, eta hobekuntza handiak ikusi ditut haien egoera fisikoan. Lehen egunetan nekez egiten zituzten ariketak, orain oso ongi egiten dituzte".

Ana Beaumont psikologoarekin, aldiz, programan zehar, guztira ordu eta erdiko sei saio daude antolaturik. Bertan, emakumeen hitzetan, "zintzotasun" asko dago. Fatimak hobekuntza handiak sentitzen ditu saio horien ondoren, "Askoz hobe sentitzen naiz". Funtzionamenduari dagokionez azaldu duenez, "Anak galderak egiten dizkigu eta guk erantzuten dugu". Gainera, "gutxi garenean, errazagoa" dela azpimarratu du.

"Bertan esaten dena, bertan geratzen da"
Emakumeek azaldu dutenez, saioak "oso askatzaileak" dira. Psikologoak orokorrean hitz egiten du, eta gero bakoitzak modu desberdin batean erantzun dezake. Baten-batek zerbait kontatu nahi badu, bertan esaten du. Beste batzuk besterik gabe galderaren inguruan haien buruan hausnartzen dute. Naimak dio "asko pentsarazten" diela. "Nik bakarrik pentsatuko ez nukeen zerbaiten inguruan zalantzak izatera eramaten nau. Zenbait gauza aldatu beharko nituzkeela edo beste jarrera bat izan beharko nukeela zenbait egoeren aurrean". Azpimarratzen dute, gainera, ez dagoela inolako presiorik eta "oso gune segurua" dela. Beraien artean konfiantza handia dute: "bertan esaten dena, bertan geratzen da".

Ana Beaumont eta Maalen Berazarekin egiten dituzten saioez aparte, asteazkenero Gure Etxea eraikinean elkartzen dira haien egunerokotasunaren inguruan hitz egiteko, edota besterik gabe elkarrekin egoteko. Bertan Rabab Riden itzultzailea ere egoten da.

"Hemengo herritarrekin integratu nahi dugu"
Egitasmoaren helburu nagusia, Altsasuko emakumeen ongizatea hobetzea da. Eta, horretarako, haien emozioak zein egoera fisikoa lantzen dira. Beste helburu batzuk ere badaude, emakumeek haien buruei ezarritakoak. Helburu horien artean daude "gorputzak indartzea, mina kentzea eta zamak arintzea". Naimak azaldu du, gainera, haien helburu emozional zein fisikoez aparte beste hainbat helburu dituztela. "Hemengo herritarrekin integratu nahi dugu". Herriaren parte izan, eta beste herritar guztiek bezala bertako egunerokotasuna bizi nahi dutela azpimarratu dute.

Orain arteko proiektuaren balorazio bat egin dute emakumeek eta denek positiboki baloratzen dute. Bai pasa den urtetik daudenak bai aurten hasi direnak. Denak "oso gustura" daudela diote eta orain arte onura asko jaso dituztela programari esker. Norak bere gorputza fisikoki askoz indartsuagoa sentitzen du, "nire gorputza osasuntsuagoa sentitzen dut, lehen neuzkan minak desagertzen ari zaizkit eta askoz zama gutxiago sentitzen dut. Ariketei esker gorputza libreago sentitzen dut". Programa bukatu arte zein beraien bizitzetan, "hobetzen jarraitu" nahi dutela diote. Haien buruekiko zein bizitzekiko hainbat ideia eraldatzea lortu baitute proiektua hasi zenetik.

Balorazio positiboa egin dute eta alderdi txarrei dagokienez, ez dute gabeziarik edo gauza txarrik ikusten. "Dena ongi" dagoela diote, "ez nuke ezer aldatuko". Hori bai, proposamenak gehitzearen aldekoak dira denak. Fatimak dio gustatuko litzaiekeela saioak "maiztasun handiagoarekin" izatea. Izan ere, pasa den urtetik egindako programaren eta aurtengoaren artean, geldialdi bat egon da. Haien ustetan, jarraikotasun handiagoa izan beharko luke. Hau da, urte osoan zehar geldialdirik gabe izatea. Fatimak azaldu duenez, "nik nahiago nuke urte osoan zehar egitea, astero, eta astean gehiagotan. Agian egunean ordu gutxiago eginez, baina maiztasun handiagoarekin".

Maiztasun handiagoarekin egite horrek, haien egoera fisikoari lotzen diote. Kirol ordu gehiago daude antolaturik, psikologoarekin konparatuz. Baina, emakumeei ordu gehiago gustatuko litzaizkiekela dio Naimak. "Kirol ordu gehiago ondo egongo litzateke, izan ere, ariketak ikasten ditugu klase orduetan, baina, etxean bakarrik egitea ez da hain erraza". Ariketaren bat gaizki egitea eta min hartzeak kezkatzen ditu, besteak beste.

"Honen antzeko proiektu gehiago nahi ditugu"
Denbora tarte edota iraupena zabaltzeaz aparte, "irteerak egitea" gustatuko litzaiekeela adierazi zuen Fatimak. Herritik atera, mendira joan, ariketak kalean egin… "Noizbehinka paseoak ematea, herritik kanpo irteerak egitea, eta honen antzeko proiektu gehiago nahi ditugu". Hau da, "orain arte dagoena zabaldu zein hobetu" nahi dute.

Adierazi dutenez, Elkar zaintzen duten emakumeak programan parte hartzen duten emakume askok, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak antolatzen dituen beste hainbat programetan ere parte hartzen dute. "Egun bateko tailerrak izaten dira, adibidez, orain dela gutxi Bakaikun egon ginen yoga egiten". Horrelako ekintzak gustuko dituzte eta oso positiboki baloratzen dituzte gainera. Horrelako gauza, egitasmo, ekintza… gehiago nahi dituzte.

"Izena ematera gomendatzen ditut"
Pasa den urteko ediziotik aurtengo ediziora, beste emakume batzuek eman dute izena. Nahiko egitasmo berria denez gero, ezagutaraztea da oraingo helburuetako bat. Bertan parte hartzen ari direnek asko gomendatzen dute. Naimak adierazi duenez, kaletik doanean bere ezagunei programaren inguruan mintzo zaie: "kaletik ezagun batekin elkartzen naizenean, programan zer moduz goazen galdetzen didate eta nik beti oso gustura nagoela esaten diet. Ahal duten heinean, izena ematera gomendatzen ditut. Eta, galdetzen ez didatenei nik esaten diet zeinen gustura parte hartzen dugun bertan, animatzera gonbidatuz".

Berak sentitu dituen onurak transmititzen dizkie, taldea zabaltzeko helburuarekin. Beraien eguneroko harremanetan dauden emakumeei gomendatzen diete parte hartzea, hau da, emakume magrebtarrei. Datorren urtera begira, programaren beste edizio bat egongo da eta, beraz, emakumeen parte hartzea bultzatzea gustatuko litzaieke. "Gustatuko litzaiguke proiektu hau betirako izatea, edo behintzat urte gehiagoz luzatzea".

Hitz batez programa deskribatzerako orduan, sei emakumeak ados daude, haientzat, "dibertigarria" da. "Saioak bukatzen ditugunean, zoriontsu ateratzen gara, lasai, alai eta gorputz askearekin".