CBASK, titulua lortzeko azken erasorako prest

Maider Betelu Ganboa 2025ko mai. 9a, 12:00

Lauko Finalerako prest, motibatuta eta ilusionatuta daude CBASK-eko neskak. UTZITAKOA

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak emakumezkoen lehen senior mailako Lauko Finala jokatuko du maiatzeko bigarren asteburuan. Konfiantzarekin, gogotsu eta pozik iritsi dira hitzordu erabakigarrira. "Disfrutatzera" aterako dira, horrela "arriskutsuagoak" direlako

Emakumezkoen lehen senior mailako Altsasuko CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak ligako titulua irabaztea du jokoan maiatzaren 10ean eta 11n. "Guk dakigula, lehen aldia da CBASK-eko emakumezkoen talde bat Lauko Finalera sailkatzen dena" azaldu du taldeko entrenatzaile Eneko Casteigek. Beraz, altsasuarrek historia egiten jarrai dezakete. 

Oso motibatuta
Bukaera faseko final laurdenean areriorik gogorrena egokitu zitzaien altsasuarrei: San Ignacio. "San Ignacio zen faborito nagusia" nabarmendu du Casteigek. Joaneko partidan altsasuarrek 55-60 galdu zuten euren kontra, etxean, baina Iruñean jokatutako itzuliko partidan 61-72 gailendu ziren altsasuarrak, eta markagailua irauliz ligako titulua erabakitzeko Final Fourrean sailkatu ziren. "Sekulakoa izan zen guretako, azken faseko partidarik zailena zelako. Hori kontuan hartuta, Lauko Finalera oso ongi iritsi gara, alde batetik urduritasun pixka batekin, jakina, baina bestetik itxaropentsu, konfiantzarekin, gauzak ongi egiten ari garelako". 

Larraona, lehen arerioa
Lauko Finalak Iruñeko Larrona kiroldegian jokatuko dira. Finalerdietako lehen partidan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Larraona Claret taldea izango du aurkari maiatzaren 10ean, 17:30ean. Bigarren finalerdia 19:30ean hasiko da eta Ega Perfil Oncineda eta Navasket SF´Old taldea lehiatuko dira finalerako beste txartelaren bila. Bi irabazleek maiatzaren 11n, 12:00etan jokatuko dute ligako tituluko final handia, Larraonan. Aurretik, 10:00etan, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatuko da. 

Altsasuarrak Final Fourren atarian "pozik" daude. "Ea zer gertatzen den. Larraonaren kontra partida gogorra dugu, baina aurrera egiteko aukerak baditugu. Oso ongi ari gara lanean, eta oso motibatuta gaude, konfiantzarekin. San Ignacioren kontra bezala jokatzen badugu, edozeinen kontra irabaz dezakegu" argi du Casteigek. 

Ligan bolada kaxkarra izan zuen taldeak. "Sei partida jarraian galdu genituen, baina, bat-batean, buelta eman genion eta denboraldi bukaera ikusgarria ari da izaten. Presiorik gabe, disfrutatzera ateratzeko deia egin diet taldekideei, horrela arriskutsuagoak garelako". Ea zortea alde duten. 

Mutilak, bosgarrena lortzera

Gizonen bigarren maila autonomikoko CBASK Narum fisioterapia ez zen Lauko Finalerako sailkatu, gutxigatik. Bar Soto Gazte Berriakekin ligako bosgarren edo seigarren postuan sailkatzea dute jokoan. Partida bihar jokatuko da, larunbata, 17:50ean, Altsasuko Zelandi kiroldegian.