Aitziber Grados Muñoa kazetari eta umoregile altsasuarra Linbo telebista saioko aurkezlea da. EITBk apirilaren 24an mustu zuen late night show formatuko saioa, eta ostegun gauetan emititzen du. Umorezko saio "freskoa" da. Linbo-ren aurretik Gradosek Argizaiola Euskal Herriko misterioen eta true crime inguruko saioa grabatu zuen Mikel Pagadizabalekin, EITBren Primeran plataforman ikus daitekeena. Telebista eta streaming plataformako saioak ez ezik, altsasuarrak Malen Altuna lagunarekin Benetan zabiz podcasta egiten jarraitzen du, Gaztea Irratian eta Guau plataforman entzun daitekeena.
Erronkaz erronka?
Bai, bai. Erronka handia da. Ez dut sekula horrelako saiorik egin. Ikusi, bai. Baina saio batetik bestera, podcasta dela, Primeran-erako formatu bat dela eta telebistarako formatua dela, niretako denak berriak dira. Probatzen ditudan heinean erronkak dira; erronka politak.
Formatu hain desberdinak dira?
Esango nuke baietz. Azkenean, podcasta da estudio txiki batean non hiru pertsona gauden, zorionez, entzule asko ditugun, baina ez ditugun ikusten. Hortaz, lagun arteko hizketaldi bat da, eta gero gerokoak. Argizaiola-n askoz ekipo handiagoa zegoen, beste aurkezle nagusi batekin egiten nuen, nahiz eta gazteendako ere baden, beste mota batekoa da, beste plano batean dago, eta gaiak zeharo desberdinak dira. Linbo-ren kasuan ere late night formatu bat da, publikoaren aurrean grabatzen da... guztiz desberdina.
Nola heldu zitzaizun 'Linbo' aurkezteko aukera?
"Freskotasuna, naturaltasuna, umorea eta lotsagabetasuna bilatzen zuten"
Hiru Damatxo ekoiztetxea saio berri bat egiten zebilen, eta aurkezle baten bila ari ziren. Bilatzen zituzten ezaugarrien artean freskotasuna, naturaltasuna, umorea, lotsagabetasuna eta abar zeuden. Nire profilak horretarako ematen zuela iruditu zitzaien, eta hautaproba bat egin ostean hartu ninduten.
Baietz ematea kostatu zitzaizun?
Ez. Nik uste proposatu baino lehen ere baiezkoa zegoela. Zuzendariari, Lander Arretxeari esan nion lehenengo gauza izan zen: "Ostras, ze mobida!".
Zer da 'Linbo'?
"'Linbo' dibertitzeko espazio bat da"
Linbo umorezko saio bat da, gonbidatuak izango ditu, Euskal Herriko aurpegi famatuak (besteak beste, Aitziber Garmendia eta Idoia Azurmendi, Nerea Ibarzabal eta La Txama, eta Jone Laspiur eta Iñi Vicens izan dira), eta kolaboratzaileak (Maria Corovi,Ander Malbadi, Maialen Sorzabalbere eta Danel Galdaera). Gehienak ez dira umoregileak, baina guztiek izango dute umorearen bidetik bere tartea. Linbo da jendeak orain arte, Euskal Herrian behintzat, ikusi ez duen zerbait. Umore asko izango du, eta sekulako talentua ikusiko da euskal umoregile eta aurpegi ezagunen artean. Edukia sortzerako orduan sekulako kalitatea dauka, sekulako ideiak dituzte. Gidoilarien bileretan benetan flipatzen dut. Esaten diet oso azkarrak direla. Ni nago hor esaten: ongi. Hori da ikusiko duguna Linbo-n. Dibertitzeko espazio bat; hori batez ere. Ikustera etorri direnek feed back oso ona eman digute eta oso ondo pasa dutela esan digute. Telebistan ikusi dutenek ere orain arte ongi pasa dutela esan digute.
Gidoiaren sorreran parte hartzen duzu?
"Lantalde oso baten produktu bat da; flipatzen dut umoreaz dakitenarekin"
Ez ditut nik ideiak sortzen. Ideiekin oinarri bat sortzen dute, eta nik horren gainean hitza eta iritzia daukat, hori kontuan hartzen dute. Ni ez naiz ideien sortzailea, baina bai aportatzen ditut gauza asko. Lantalde oso baten osteko produktu bat da.
Dena idatzita dago edo inprobisaziorako tokia dago?
Inprobisaziorako tokia dago. Bai kolaboratzaileek bai gonbidatuek bai nik. Linbo-an edozerk balio du, eta edozer esan daiteke. Linbo-n sartzen denak hori badaki. Gidoia egon badago, azken batean dinamikotasunari begira izan behar dugulako eta badirelako kontuan izan beharreko gauza asko; baina nik baimena daukat edozer esateko.
"Formatuak akatserako tokia uzten zuen; gaizki ateratzen bada, barre egingo dugu"
Gainera, belarrian zuzendaria daukat eta berak ere txisteak eta abar esaten dizkit.Formatuak berak akatserako lekua uzten zidan; akatserako tokia badago. Orduan, zerbait gaizki ateratzen bada, barre egingo dugu.
Nola da horrelako formatu bat aurkeztea?
Erokeri bat da. Egitura bat jarraitu behar dut, gidoia eta gai batzuk; aldi berean gonbidatuak esaten duena entzun behar dut eta horri erantzun bat eman behar diot. Belarrian aldi berean eskizofrenia bat daukat, Lander Arretxea, eta orduan eromena da. Baina hala ere uste dut nahiko ondo kudeatzen dudala. Agian momenturen batean kamerak hartzen nau eta aurpegia linboan egongo balitz bezala da, baina ondo. Ataletik atalera hobetzen goazela iruditzen zait, bai ni bai denak.
Nolakoa izan zen lehenengo atala?
Lehenengo grabazioa ondo atera zen. Flipatu nuen. Espero nuen ondo aterako zela, baina lasaitasun handiarekin egin genuen eta bukatu nuenean esan nuen: "Ah! Hau da! Bada, listo!".
Euskaraz horrelako formaturik ez da inoiz egin. Aitzindaria sentitzen zara?
Aitzindari ez nuke esango. Ni ez naiz berezia sentitzen. Ez dakit lehenengoa denik ere esatera ausartuko naizen; ez dakit ETBn aurretik horrelako zerbait egon den. Bai egon dira Barre librea bezalako saioak, baina ez da berdina. Ez dakit zer egon den atzean edo baten bat egon den gerturatu zaiona.
Berritzailea bada.
"Gazteendako eta euskal gazteen kodigoak maneiatzen dituen zerbait behar zen"
Berritzailea bai. Gaur egun asko kontsumitzen den formatua da, bai gaztelaniaz bai ingelesez, eta falta zen Euskal Herrian horrelako saioren bat. Batez ere euskal gazteen kodigoak eta abar maneiatzen dituena. Umorea, aurpegi ezagunak testuinguru informal batean eta beste lotsagabetasun batekin ikusi. Batzuetan betiko estigma izan da: euskaldunak oso itxiak eta formalak dira. Bada, spoiler, ez; hori gezurra da. Denetarik dago.
Gonbidatuak ere denetarikoak dira?
Bai. Gero ere aurkezle moduan nire aurreiritziak izan ditut. Agian pentsatu izan dut gonbidaturen bat serioagoa dela, eta gero dator eta oso dibertigarria izan da. Testuinguru jakin batean ezagutzen dugu pertsona hori, baina gero beste modu batekoa ere bada.
Publikoarekin grabatzen duzue. Nola da publikoa bertan izatea?
Niretako, pertsonalki, hori zailena dela esango nuke. Lantaldearendako ere publikoa bilatu behar izatea; orain emititzen ari dela ez dakit errazagoa izango den. Sakandarrak animatzen ditut; hurrengo grabazioa maiatzaren 22an izango da, Donostiako Gazteszenan, Egia auzoan. Instagrameko @Linbo kontuan esteka jarriko dute, eta garagardoak doan banatzen dituzte. Esan bezala, erronka nagusiena niretako hori izan zen. Lehenengoz grabatu genuen egun hartan ikusi nuen saioaren norabidea asko baldintzatzen zuela aurkezlearen eta kolaboratzailearen muga, nolabait esateko; publikoa oso irekia bazegoen gu ere bai, baita kontran ere, publikoa serioago bazegoen, gu ere bai. Baina gu hor mantendu behar gara, barre egiten eta barreginarazten.
Erreferentziarik edo inspiraziorik ba al duzu?
Nik ez. Lantaldeak nik uste dut baietz. Badaude umorearen frikiak. Friki zentzu onean. Umore asko kontsumitzen dute eta erreferentzia asko dituzte. Nik flipatzen dut; haiekin alderatuta ez dakit ezer, bost urteko haur bat jolasten naiz. Nire kasuan ez dut erreferentziarik ez ditudalako horrelakoak kontsumitzen. Noizbait La Revuelta edo La Resistencia ikusi izan dut, baina gaur egun ez dut ikusten.
Zer ematen diozu saioari?
"Esan didatenaren arabera freskotasuna eta naturaltasuna ematen diot"
Esan didatenaren arabera freskotasuna. Askotan errepikatu didate. Naturaltasuna ere bai, eta gaztetasuna. Gaztea naiz, beraz... Naturaltasunarena asko errepikatu didate, baina niretako ez da hori ez den beste modu bat izateko; nik ez dut beste modu bat baloratzen. Gonbidatuak lagunak bezala tratatzen ditut, denak berdinak gara, ez dago maila sozialik eta goazen jolastera. Hori da bibra. Ez naiz zalea edo fana. Egiten duten lana baloratzen dut, baina niretzako ni bezalakoak dira eta ez diet sinadura bat eskatuko.
'Late night show' motatako saioetan gizonezkoak dira nagusi. 'Linbo'-ren kasuan emakumezko bat zara. Horretan ere berritzailea.
Ni ez naiz sentitzen woman power-en adierazle. Agian esaten dudana indibidualista da, baina beti egin izan dut nahi izan dudana. Nahi izan dudala lagun batekin saio bat egin, hori egiteko bozgorailua izan dut. Egia da pribilegio bat izan dela. Emakumea bai, baina lehen lerroan dagoen emakume bat izateko patroi batzuk bete behar dituzu, eta ni kontzientea naiz pribilegio asko betetzen ditudala. Edozein kasutan ere, uste dut ETBk apustu ona eta polita egin duela zentzu honetan, ni oso pozik nago. Kasu honetan saioa ez nuke esango maskulinizatua dagoenik, gizonezkoak daude eta emakumezkoak daude, eta super talentudunak denak.
Arrakastatsua izaten ari da. Beharrezkoa al zen?
Bai. Batez ere bagaude garai batean non euskal umoregileekin bakarrizketa saio asko ikusi ditugun, eta gutxinaka jende gehiago animatzen ari den. Duela bi urte bakarrizketalari batzuk bazeuden, eta gutxinaka jende berria animatzen ari da. Horrekin ez dakit euskal umorearen loraldia izan daitekeen, baina ikusten ari da edo ETBren partetik ere ikusten ari gara euskaldunei euskal umorea gustatzen zaiela eta espazio bat jarri behar dutela. Batez ere gazteendako; gazteendako oso gauza gutxi daude euskaraz ETBn.
Denboraldiak zenbat saio izango ditu?
Hamar atal. Momentuz zortzi grabatu ditugu, eta hurrengo bien grabaketa maiatzaren 22an izango da. Bi atal grabatzen ditugu batera.
FORMATUAK
Aurretik 'Argizaiola' egin zenuen. Nola sortu zen proiektu hori?
"'Argizaiola' formatu zeharo desberdin zen; Euskal Herriko misterioak"
Nik ere ez dakit. Deitzen naute eta esaten dut: "Ados". Kasu honetan formatu zeharo desberdina zen, Primeran plataformarako saio bat da. Sei atal grabatu genituen eta Euskal Herriko misterioen inguruko saio bat da. Mikel Pagadizabalek eta biok aurkezten dugu. Kasu honetan ere Pagadik deitu zidan harreman txiki bat geneukalako. Esan zidan: "Sozia, animatuko zara hau grabatzen?". Eta nola esango diot ezetz?
Nola izan zen prozesua eta grabazioa?
Egia da dokumentazio prozesuan nik ez nuela parte hartu. Niri informazioa pasatzen zidaten, intereseko informazioa; true crime-aren oso zalea naiz, baita misterioena ere. Ez dit beldurrik ematen, gozatu egiten dut. Kasu honetan hainbat gai planteatu zizkidaten, ataletan zehar banatuko zirenak, informatu nintzen, gidoia osatu genuen, eta aurrera.
'Benetan zabiz' podcastarekin ere jarraitzen duzue.
"Urtetik urtera ikusi da gure proiektua garatzen joan dela, eta gu hezten"
Hirugarren urtea da, oker ez banago. Gogo handiarekin jarraitzen dugu. Beste proiektuak oso ondo daude, eta esan behar nuen ikusgarritasun gehiago dutela, baina Benetan zabiz podcasta geroz eta jende gehiagok ikusten eta entzuten du. Guk espero genuena baino askoz gehiago. Urtetik urtera ikusi da nola gure proiektua garatzen eta handitzen joan den, baliabideak lortzen eta gu ere hezten. Azken batean, gure bizitza kontatzen dugu; gure eguneroko bat bada. Kasu honetan ere modu freskoan edo naturalean.
Etorkizunerako proiektu gehiago dituzu?
Espero baietz. Momentuz ez daukat ezer eskuartean. Linbo-k bigarren denboraldia izatea nahi dut, baina momentuz lehenengoa gozatuko dugu, eta etorkizunean pasatzen dena, ikusiko da.