Apirilaren 25ean mustu zuten Faisaien irla, Bidasoa ibaian gertatzen den emergentzia humanitarioa oinarrian jartzen duen filma. Asier Urbieta da zuzendaria eta gidoilaria, Altsasu telesailaren zuzendaria; maiatzaren 1ean Faisaien irla filmaren Iortia kultur guneko emanaldian izan zen eta solasaldia eman zuen. "Jende asko gerturatu zen. Oso gustura egon nintzen". Zinemagileak maiatzaren 5ean jaso zituen ikusleen datuak, eta filma Hego Euskal Herrian 10.000 pertsonatik gora eta Ipar Euskal Herrian 3.000tik gertu ikusi dutela esan zuen; "eta ez dira hiru aste pasa".
Zergatik Faisaien irlan eta Bidasoa ibaian gertatzen denaren inguruko film bat egin?
2021ean berriak irakurtzen hasi nintzen eta Bidasoan jendea itotzen ari zela ikusi nuen. Oso bortitza iruditu zitzaidan etxetik hain gertu hori gertatzea. Gero konturatu nintzen nire inguruan jendea ez zela kontziente. Nahiz eta berriak egon, ez zela enteratzen. Orduan, pixka bat dokumentatzen hasi nintzen eta konturatu nintzen Bidasoako muga oso inportantea bilakatzen dela Afrikatik Europara datorren jendearendako; jende pila bat zebilela ibaia zeharkatzen Parisera edo Frantziako hiri handietara bidean. Hori kontatzen hasteko beharra sentitu nuen.
Gaia azalerazi nahi zenuen?
Irungo Harrera elkartearekin hizketan esan zidaten komunikabide pila bat joan direla, euskaldunak eta kanpokoak (BBC, AlJazeera...). Badirudi inmunizatuta gaudela hainbeste ezbeharrekin. Orduan, interesgarria da bai Amets Arzallusek Miñan liburuarekin egin zuena, gero Ander Lipusek antzerkira eraman duena, edo Muguruzaren dokumentalarekin egiten dena. Guk pelikularekin ikusleari istorioa beste modu batera kontatu nahi genion, modu emozionalagoan, eta ea horrela iristen ote den.
Nolakoa izan zen dokumentazio lana?
Egunkarietatik hasi nintzen, Miñan irakurri nuen eta gero atentzioa deitu zidan Gari Garaialde fotokazetariaren argazkiak. Oso inspiratzaileak iruditu zitzaizkidan. Zazpi urte daramatza emergentzia humanitario hau erretratatzen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen. Bere begiek ikusitako mila istorio kontatu zizkidan. Harrera sarearekin hizketan hasi ginen ere, eta handik eta hemendik errealitate izpiak hartzen joan ginen. Gidoian horietako istorio asko daude. Ez dago errealitatean oinarrituta, baina detaile asko daude; errealitatetik hartutakoak.
Hausnartzeko film bat da.
"Istorioa oso gordina da; jokaera positiboa ere erakutsi nahi genuen"
Hori zen ideia; ikuslearengan hausnarketa bultzatzea. Istorioa oso gordina eta gogorra da, eta saiatzen gara hori jokaera positibo batekin ere erakusten eta zabaltzen. Esan nahi dut, kritikatzea oso ongi dago eta oso beharrezkoa da, baina ere beharrezkoa da gauzak aldatzeko zerbait egitea. Gainera, dokumentazio lanean eta grabazioan Irun inguruko pila bat pertsonek laguntzen dutela ikusi dugu; laguntzen dute keinu oso txikiekin: besterik gabe norbaitengana joan eta zerbait behar duen galdetu, informazio eman, kafe bat eskaini... Laguntza txiki askorekin sekulako laguntza ematen dugu.
Nolakoa izan zen errodajea?
Errodajea nahiko bitxia izan zen errealitatea eta fikzioa askotan nahastu egiten zirelako. Guk kontatzen genuena gertatzen ari zen grabatzen genuenean. Poliziaren benetako kontrola kentzen zuten gure kontrola, gezurrezkoa, jartzen genuenean. Guk ikusten genuen gazte askok ez zekitela non zeuden ere, ez zutela hizkuntza ulertzen, ez zutela zer gertatzen ari zen ulertzen; bat-batean guk pasatzen uzten genien, beraiek poliziaz jantzitako aktoreak ikusten zituzten. Anekdota bezala, Sambou aktorea polizia frantsesak paperak eskatzeko gelditu zuten grabatzen ari ginen bitartean. Itzulera beroak, frantziar estatuan hartu eta Irunen uzten dituztela, gure begien aurrean ikusi genituen, egunero, grabatzen geunden bitartean. Horrek ekarri zuen talde artistikoaren eta teknikoaren inplikazio oso handia; ikusten ari ziren kontatzen ari ginena benetan gertatzen zela eta kontatu beharrekoa zela.
Zure lehenengo filma da. Telesailarekin aldaketa handia nabaritu duzu?
Errodajean baino post-produkzioa luzeagoa izan dela. Telesailarekin alderatuta baliabide gehiago izan ditugu, denbora gehiago... Errodajean betiko lantaldea egon da, esperientzia handikoa, eta beti laguntzeko prest dagoena. Ondo inguratuta egon naiz. Egia da ez dela pelikula erraza akziodun sekuentziak daudelako, figurazio asko, erreskate bat, sekuentziak itsasontzian... Oso gustura ibili naiz. Post-produkzioan bai harritu ninduela zer mimorekin egiten den guztia. Berriena promozioarena izan da; elkarrizketa asko, solasaldiak eta abar. Ez nuen hainbeste ezagutzen azkeneko fase hau.
Nola izan zen Altsasura itzultzea?
"Bakarrik hortik ibiltzea, jendea ikustea... Niretzako Altsasu beti izango da toki berezi bat"
Oso berezia izan zen Altsasura berriro etortzea. Sekulako gogoa neukan; jendea eta gauzak nola aldatu ote ziren ikusi. Gustatu zitzaidan ikustea denborak gauzak aldatzen dituela, jendea bizitza normala egiten ari zela, eta nik neuk ikusi nuen nolako maitasuna diodan herriari. Bakarrik hortik ibiltze hutsa, jendea ikusi... Niretzako Altsasu beti izango da toki berezi bat.