Duela urte batzuk egin eta emaitza ona izan ondoren, Altsasuk bigarrenez elkartasun zikloa hartuko du eta aurtengoak ongi etorri Sakanara pertsona migratu eta errefuxiatuak leloa hartu du. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek azaldu duenez, "Sakanara etortzen diren pertsona migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorria ematen jarraitu nahi dugu. Sakanara etortzean pertsona horiei ongi etorria emanez argitasun pixka bat jasotzea nahi genuke".
Munduko arrozen 9. edizioa izan da zikloa zabaldu duena. Hamaika su piztu ziren eta haietan jatekoak prestatuko dituzte honakoek: Sakana Harrera Harana, Altsasu institutua, Zelandi eskola eta Sahara, Maroko, Venezuela, Peru, Nikaragua, Siria, Errumania eta Kolonbian jaiotako altsasuarrak. Jakiak estalpean prestatuko dituzte, domekan 10:00etatik 14:00etara. Jakiak nola prestatzen dituzten galdetzeko aukera izan zuten sukaldariak lanean ari ziren bitartean. Handik pasatzen zenak gaitariak, dantzari taldea eta txapak egiteko tailerra izan zituen. Gainera, 13:00etan, dastatzeko aukera izan zen. Ohi bezala, euro baten truke ontzia, sardexka eta eskuzapia eskuratu ziren. Ekimenerako egindako mandarretan Sakanan entzun daitezken hainbat hizkuntzatan ongi etorri idatzita dago.
Parte hartu zuen sukaldarietako bat da Meyem Kridin. Marokon jaioa, Lakuntzan 8 urtez bizi ondoren, duela 5 urte pasatik altsasuarra da. Munduko arrozetan hiruzpalautan parte hartu du, behin Lakuntzan eta gainerakoak Altsasun. Orain arteko esperientzia "gustuko" izan duela adierazi du. "Nik kuskusa prestatzen dut eta jendeak nola egiten dugun galdetzen dit. Gainera, jendeari probatzea asko gustatzen zaio". Domekan kuskusa oilasko, txitxirio eta mahaspasekin prestatu zuen, "gozoa eta gatzia elkarrekin", zehaztu du. Azaldu duenez, jai egunetako jakia da kuskusa sorterrian, "ostiralero egiten dugu, eta hemen ohiturarekin jarraitzen dugu". Jatekoaren bidez herritarrak elkar ezagutzeko ekimena "garrantzitsua" dela uste du.
Ongi etorri pertsona migratu eta errefuxiatuak Sakanara zikloa
Maiatzak 11 igandea
10:00 - 14:00, Altsasuko Iortia plaza
Munduko Arrozak
Maiatzaren 16tik ekainaren 15era
Altsasuko Iortia kultur gunean
Erakusketa: Hainbat begirada, hainbat pertsona (CEAR)
Maiatzak 20 asteartea
18:00, Iortia kultur gunean
Hainbat begirada, hainbat pertsona erakusketaren aurkezpena eta bisita gidatua.
Ekainak 10 asteartea
10:00, Olatzagutiko plazan
Errefuxiatuen aldeko elkartasun azoka
Ekainak 13 ostirala
18:00, Altsasuko Iortia kultur gunean
Isa Egigurenen hitzaldia: Europa migrazio politika basatiak