"Haien ametsak guztion ametsen parekoak dira"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mai. 19a, 11:30

Idoia Oneca Munarriz erakusketako koadroetako batekin.

Ongi Etorri pertsona migratzaile eta errefuxiatua Sakanara zikloan parte hartzen du CEARrek. Bere Nafarroako koordinatzaile Idoia Oneca Munarrizek nola parte hartuko duten eta haien jarduna zein den azaldu du.

Elkartasun zikloaren baitan, Iortia kultur guneak CEARren Hainbat begirada, hainbat pertsona erakusketa hartu du maiatzaren 16tik garagarrilaren 15era. Hilaren 20an, asteartearekin, Aitziber Urtasunek eta protagonistetako batek bisita gidatua eginen dute. 

Zer da CEAR?
Comisión Española de Ayuda al Refugiado elkarteak 45 urteko ibilbidea du. Giza eskubideen alde borroka egiten dugu, nagusiki asilo eskubidearen alde. Hona iristen diren pertsonekin lan egiten dugu, ministerioaren harrera programa kudeatuz. Harrera, etxebizitza eta laguntza batzuk ematen dizkiegu pertsonek bizi autonomoa izan dezaketen edo programatik atera behar duten arte. Gurutze Gorriak Altsasuko aterpean kudeatzen duen programaren parekoa da. Bestalde, eragiten lan handia egiten dugu. Politikan arau aldaketak lortzeko eta giza eskubideak beti errespeta daitezen. Eta gizartean ere eragiten dugu, gizartea eraldatzailea izan dadin eta harrera gizarte bat izan gaitezen. 

Noiztik zaudete Nafarroan?
2007tik. Iruñerrian gaude. Ministerioaren harrera programako 50 plazarekin hasi ginen eta gaur egun 121 dira. Beste 33 plaza tokiko programa batekoak dira, programatik atera diren eta oraindik autonomoak ez diren pertsonen ibilbidean laguntzen segitzeko. 

Zer gehiago egiten duzue? 
Programaz, akonpainamendu eta esku hartzeaz aparte, sentsibilizazio proiektu ugari egiten ditugu. Esaterako, Iortia kultur gunean ikusgai egonen den erakusketa, Migrazio Politiken Zuzendaritzaren laguntzarekin egin duguna. Aitziber Urtasun arte hezitzailearekin egin dugu erakusketa. Harekin urtero arte tailer bat antolatzen dugu, eta sortutakoa da erakusketetan jartzen eta azaltzen duguna. Pertsona errefuxiatu edo migratzaile deitzen ditugun horien atzean pertsona bat, historia bat eta amets batzuk daudela erakusten saiatzen gara. 

Hori nola islatzen da erakusketan?
Arte erakusketa da, arreta pizten du. Pertsona protagonistak programan dauden edo egon direnak dira. Pertsona bakoitzak bere ametsa azaltzen du bere erretratuan ikutuak eginez. Eta haiek ikustean zer esan nahi duen galde diezaiokezu zure buruari. Batzuek azalpenaz lagunduta daude. Besteetan ez, baina zer esan nahi duen suma dezakezu. Haien ametsak gu guztiok ditugun ametsen parekoak dira: bakean bizitzea, gizarte justu batean bizitzea eta duintasunez bizitzea. 

Tokiko erakundeekin elkarlanak zer balio du?
Funtsezkoa, gizarteak eta toki erakundeek eskuz esku lan egin beharra dugu harrera gizartea izateko. Kulturartekotasun zerbitzua egote hutsa zerbait oso positiboa eta garrantzitsua da. Gizarte anitza garela landu behar dugu. Emateko eta eskaintzeko asko dugu. Elkarrekin bizi behar dugu, ez batera existitu. Horretarako, halako elkarlanak garrantzitsuak dira. Sentsibilizatu eta azaltzeko aukera izatea. Askotan gauzen berri ez dago eta, horregatik, gero eta gehiagotan entzuten ari garen diskriminazio eta gorroto diskurtsoak sortzen dira.