Saskibaloia

CBASK Xabi Gorriz Tattoos, ligako hirugarrena

Guaixe 2025eko maiatzaren 12a

Altsasuarrak, hirugarren postua ospatzen. CBASK

Larraonan jokatutako Lauko Final zirraragarrian, emakumezkoen lehen senior mailako ligako hirugarrenak sailkatu ziren altsasuarrak

Altsasuko CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskak ez ziren Larraona kiroldegian jokatutako Lauko Finaletik esku hutsik itzuli. 

Maiatzaren 10ean jokatutako finalerdietan partida ikusgarria jokatu zuten Larraona Claret taldearen kontra, baina etxeko taldea gailendu zen 3 puntu eskasen aldearekin, 70-67. Lehia oso estua izan zen. Hasieran Larraonak aldea atera zuen, baina partida bukaera aldera ongi erantzun zuen CBASK-ek eta partida izugarri gogortu zen. Zortzi aldiz berdindu zuten bi taldeek, eta tarteka altsasuarrak aurretik jarri ziren. Baina azken saskiratzea Larraonaren aldera erori zen eta talde altsasuarra final handia jokatzearen atarian geratu zen, 70-67 galduta. Itxura bikaina eman zuten altsasuarrek. Edurne Ormazabal nabarmentzekoa izan zen: jokalari sakandarrak 30 puntu lortu zituen. 

Beste finalerdia oso estua izan zen baita ere, eta, azkenean, Navasket SF´Old taldeak 45-48 irabazi zion Ega Perfil Oncinedari. 

Hirugarren postua
Maiatzaren 11n final handiak jokatu ziren. Hasteko eta behin, hirugarren postuagatik borrokatu zuten CBASK Xabi Gorriz Tatoos eta Ega Perfil Oncinedak. Kasu honetan ere, lehia oso estua izan zen. Bi taldeak parez pare ibili ziren, eta markagailuan alternantziak izan ziren. Bukaera aldera Lizarrako taldeak aldea atera zuen, baina azken txanpan altsasuarrek estutu zuten, eta bozina gainean zutela Ega Perfil Oncineda garaitzea lortu zuten, 3 punturengatik (49-46). Horrela, emakumezkoen lehen senior mailako ligako hirugarrenak izan dira altsasuarrak, irabazleen podiumean sartu dira eta trofeoa ekarri dute Sakanara. 

CBASK-ek emakumezkoen Lauko Finala jokatzen duten lehen aldia omen da, eta historia egiteaz gain, etxera trofeoa ekarri zuten sakandarrek. 

Gizonezkoak, bosgarren
Bestalde, maiatzaren 11n, bigarren maila autonomikoko bosgarren eta seigarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten, Zelandin, CBASK Narum Fisioterapia eta Bar Soto Gazte Berriak taldeek. Bi taldeak parez pare hasi ziren, baina altsasuarrek alde sendoa atera zuten, bukaeraraino mantendu zutena. Azkenean, 70-55 gailendu zen CBASK, eta denboraldi ona egin du, ligan bosgarren bukatu baitu.