Kontsumo bonuak eskura

Guaixe 2025eko ekainaren 2a

Jendea Altsasu bonua eskuratzen Iortia kultur gunean. ARTXIBOA

Herriko dendetan erosteagatik hamar euroko aurrezpena ematen dute bonuek. Altsasuko tokiko ekonomia dinamizatuko du garagarrilean, gutxienez 45.000 euroko zenbatekoarekin.

Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendariek Elkarteak (ADE) kontsumo bonuen kanpaina berria eginen dute aurten. Aipatu bonuak dohainik banatuko dira garagarrilaren 2tik 14ra, edo agortu arte, Iortia kultur gunean. Haiek eskuratzeko adinez nagusia izan behar da eta txartela eskuratzean nortasun agiria aurkeztu beharko da. Ezintasunen bat edo mendekotasunen bat dutenen partez beste pertsona bat joan daiteke bonua jasotzera, beti ere,  beste pertsona horrek interesa duenaren nortasun agiria eta haren egoera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Norberak bonu bakarra eskuratzeko aukera izanen du. Txartelak aukera emanen dio gutxienez 40 euroko produktu edo zerbitzu erosketa batean 10 euroko deskontua izateko. Jakina, bonua kanpainari atxikitako Altsasuko 50 saltokietan eta zerbitzukoetan erabili ahal izango da, garagarrilaren 30era arte. 

Udalak eta ADEk lankidetza hitzarmena sinatu dute Altsasu Bonoaren edizio berria abian jartzeko. Kanpainaren bidez udalak 15.000 euro banatuko ditu herriko merkatariei laguntzeko. ADEk azaldu duenez, "aurreikusten da kanpainak gutxienez 45.000 euro sartuko dituela tokiko ekonomian, aurreko edizioetan bezala".

Altsasu Bonua 
Kanpaina 2020an sortu zen, Covid delakoaren kontrako neurri gisa, baina urtez urte, eta aurtengoa bosgarren edizioa da, "Altsasuko tokiko merkataritzarako funtsezko kanpaina bihurtu da, non aukera ematen digun bezero berriak erakartzeko, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin ohi duen kontsumitzailea saritzeko, eta baita herriko baxu komertzialak ikusteko ere", esan du Mikel Cabestrerok ADE Altsasuko Dendarien Elkarteko ordezkariak.