Altsasuko Udaleko Ludoteka, Gazteria eta Kirol Zerbitzuek Udal Musika eta Dantza Eskolarekin batera, antolatzen dituzten udako jardueretarako bai 2025-2026 ikasturterako izena emateko epea zabalik dute. Udal arduradunek gaztigatu dutenez, "programa eta zerbitzu horietan izena emango dutenei gogorarazten diegu haur eta nerabe osasuntsuak izan nahi badute funtsezkoa dela mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. Hori pentsatzera animatzen ditugu, erosketak egiten diren momentuan". Beste aldetik, jakinarazi dutenez, "aurten indarrean sartu da Altsasuko kirol eta aisialdi eremuan haur eta nerabeen kontrako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa. Protokoloaren helburua da kirol eta jarduera arloan ingurune segurua eraikitzea eta haurren eta nerabeen aurkako indarkeria egoeretan esku hartzeko prozedura ezartzea".
Aisiaz Blai
Txantxari udal ludotekak antolatzen duen programa 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, 2013 eta 2022 urteen artean jaiotakoendako. Udaletik azaldu dutenez, "eskola oporraldietan eskaintzen den programa ludiko hezitzailea da. Jolasaren bidez, haurren aisialdiari arreta emateko zerbitzu bat eskaintzen du. Zerbitzu hori haurrek parte hartzen duten programa batean gauzatzen da, pertsona bakoitzaren garapen integralean funtsezko elementu gisa jolasteko duten eskubidea bermatuz, funtzio sozialak betez, balioak sustatuz eta garapen kogintiboa, psikomotorra eta sozioafektiboa estimulatuz". Bide batez, familia eta lana uztartzeko zerbitzua eskaintzen die familiei.
Hiru txandatan eskainiko da programa. Aurrena ludotekan izanen da garagarrilaren 19,20,23,24,25,26,27 eta 30ean garatuko da 08:30etik 13:30era. Hurrena garilaren 1etik 30era izanen da, nahiz eta hamabostaldika izena emateko aukera dagoen. 08:30etik 9:30era kontziliazio ordua izanen da. Tarte horretarako plazak mugatuak dira. Programaren ordutegi orokorra: 9:30etik 13:00etara izanen da. Izena ematen duten umeak adinaren arabera taldetan banatuko dituzte. Ez dituzte kontuan hartuko ikasketak egiten ari diren hizkuntz ereduak. Taldeko sortzeko, gutxienez, 6 pertsonek eman behar dute izena. Aisiaz Blai programako atzeneko aukera agorrilekoa da. Ez dago kontziliazio ordurik, eta 09:30etik 13:00etara izanen da.
Gazteendako eskaintza
Gazteria Zerbitzuak jakinarazi duenez, gaztetxokoa garagarrilaren 15etik irailaren 25era astegunetan 18:00etatik 20:00etara zabalik egonen da, eta Gaztegunea, berriz, 07:30etatik 15:00etara. Bestalde, udan hiru programa martxan jarriko dituzte. Alde batetik, Uda Gazte, 12 eta 16 urte bitarteko gazteak hartuko dituena garilaren 1etik 15era, 10:30etik 13:30era. Izen ematea errentaren araberakoa izanen da.
Bestetik, aniztasun funtzionalak dituzten gaztendako zuzendutako Gu Geu Gazte programa garilaren 1etik 24ra izanen da, astegunetan, 17:00etatik 20:00etara. Kuota, errentaren araberakoa da izanen da. Azkenik, Dantzalekuko igerilekuak ur festa goxoa hartuko duela jakinarazi du Gazteria Zerbitzuak. Garilaren 9an, asteazkenarekin, 21:00etatik 24:00etara izanen da, doan.
Kirol eskolak
Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuak jakinarazi duenez, kirol eskolen, multiekintza eta indoor zikloa eskaintza egin du heldu den ikasturterako. Horietan izena emateko epea garagarrilaren 6ra arte luzatuko da. Altsasuko Udalak eta herriko kirol kluben arteko lankidetza hitzarmenei esker martxan dira 11 kirol eskola. Honakoak dira: atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudoa, tenisa, saskibaloia, futbola, irristaketa, txirrindularitza, esku-pilota eta emakumezkoen pala. Igeriketa egin nahi dutenek Ataboren igeriketa ikastaroan edo Sakana Igeriketa klubean eman beharko dute izena.
Kirol Zerbitzutik azaldu dutenez, "helburu nagusietako bat kiroletan emakumeen parte-hartzea handitzea eta sendotzea da. Ikasurte honetan, neskek pilota eskolan parte har dezaten bultzatu nahi da, emakumezkoen pala eskainiz. Gainerako adinetan pilota-taldeak mistoak izango dira. Hori guztia dela eta, pilotalekura esku pilota probatzera animatzen ditugu neskak eta pilota eskolan emakumeen parte-hartzea sendotzen jarraitzeko".
Futbolari dagokionez, kirol zerbitzutik argitu dutenez, "bi talde eskainiko dira. Bat, 2013-2016, urteen artean jaiotako neskendako eta kadete mailako beste bat futbol 11koa, 2010-2012 urteen artean jaiotakoendako". Emakumezkoen taldeak sendotzeko izena ematera deitu dute.
Kirol eskolez aparte, Altsasuko Udalak bestelako jarduerak eskaintzen ditu Zelandi kiroldegian, esaterako, multiekintza (2014-2018) eta indoor zikloa (2010-2013). "Jarduera horiek pediatria arloarekin koordinatuta daude eta kirol eskolen eskaintza osatzen dute, beste jarduera fisiko batzuk eskainiz eta kirol eskolek bezala bizimodu osasungarri eta aktiboa sustatuz", argitu dute zerbitzutik.
Gaineratu dutenez, "16 urtera artekoendako prestatutako kirol eskaintza zabal horren helburua da pertsona bakoitzak aurkitzea gustuko duena, mugitzea eta kirola edo jarduera fisikoa egitea ikasturtean zehar".
Udako igeriketa ikastaro intentsiboei dagokienez, kiroldegian garagarrilean eginen direnak 40 minutuko iraupena izanen dute eta 15:30ean, 16:15ean eta 17:00etan hasiko dira. Kiroldegiko kide direnek 35 euro ordaindu beharko dituzte, ez direnek, berriz, 60 euro. Bestalde, udalak jakinarazi du kiroldegiko igerilekua garilean eta agorrilean itxita egonen dela, gimnasioa, berriz, agorrileko lehen hamabostaldian.
Dantzalekuko igerilekua garagarrilaren 27an zabalduko ditu ateak. Eguneko sarrerak 4,6 eurokoak dira 3-15 urte bitartekoendako, 6,20 eurokoak 16-64 urte artekoendako eta 65 urtetik gorakoendako ere. Igerilekuko txartela irailaren 7ra arteko indarraldia izanen du. Hori eskuratzeko kiroldegiko harreratik pasa beharra dago garagarrilaren 1etik aurrera. Hiru adin tarteen sasoiko txartelen prezioak honakoak dira: 45, 55 eta 50 euro.
Musika eta Dantza Eskola
Udal Musika eta Dantza Eskolan maiatzaren 23ra arte eman daiteke izena altsasu.eus webgunearen bitartez edo eskolako idazkaritzan. Ordainketa familia unitatearen diru sarreren araberakoa izanen da.